|
Boletin 7. 2004 urteko abendua
Arriskua: Familien zorpetze larria
Munduko Moneta Funtsak, Europako Banku Zentralak edota Espainiako Bankuak zein beste instituzio batzuek argitaratu dituzten azken datuen arabera, familiek duten zorpetze maila handiak arrisku larriak eragin ditzake. Eta euskal familiak, jakina, ez dira salbuespena egoera arriskutsu horren aurrean.
Antza denez, zorrak hartzeko unean zuhurtziaz jokatzeko egiten diren oharrek, batez ere etxebizitza bat erosteko denean, eta merkatuak eskaintzen dituen prezio neurrigabeek ez die familiei euren zorpetze mailaren gainean hausnarketa egitea eragiten. Aitzitik, gero eta zor gehiago hartzeko joera hori ugaltzen ari da gure ekonomian.
Ez da kontu berria etxebizitzaren prezioa zeruetatik dabilela esatea. Hori dela eta, familiek gero eta mailegu handiagoak eskatu behar dituzte banku-erakundeetan. Horrez gain, interes tipoek gaur egun duten prezioa kontuan hartuta, azken urteotan, mailegu bat eskatzea ez da oso kaltegarria izan poltsikorako, eta oraindik ere ez da.
Hiru eragile nagusi horiek, hau da, etxebizitza edukitzeko beharrizanak, diruaren prezio txikiak (interes tipoena) eta gure hirietan metro koadroak daukan prezio haserregarriak (euskal hiriburuak Estatuko garestienetakoak dira), zorpetze maila handia eragiten diete familiei, oso arduragarriak kasu batzuetan.
Demagun, kasurako, ohiko familia batean familia unitateko bi kideek lan egiten dutela, 35 milioi pezetako etxea erosten dutela, eta katastro-balioaren %100eko mailegua eskatzen dutela, %4ko interesarekin eta 20 urtean ordaintzeko. %100 eskatzen da eta, jakina, eman ere bai, etxea egokitzeko obra batzuk egiteko. Sarrerarako eta notarioa aurreko etxearen plusbalioarekin, baldin balego, eta aurreztutako diruarekin ordaintzen da. Eman dezagun 2 milioi ditugula aurreztuta eta beste 3 milioi sarrera eta notarioari ordaintzeko. 37 milioi dira eta 35 eskatzen dituzte, 32 etxebizitzarako eta 3 konponketa lanak egiteko.
Seme-alaba bat edo bi dituzte, eta 350.000 pezetako familia errenta hilean, pezetatan diogu errazago uler dezagun. Hilean, gutxi gorabehera, 120.000 pezeta erabiltzen dituzte hipoteka ordaintzeko, errentaren %34. Beste 210.000 pezeta dituzte etxeko gastuetarako, autoaren gasolina ordaintzeko, jateko eta gutxi gehiagotarako. Etxea erosi ostean oso diru gutxi aurreztu ohi da; ezer ere ez egia esan.
Ongi, demagun gaur egungo egoera ekonomikoa aldatu egingo dela urte batzuk barru. Hau da, demagun, Estatuko eta nazioarteko ekonomialariek ohartarazten diguten bezala, diruaren prezioa garestitu egingo dela eta metro koadroarena merkatu. Beraz, eman dezagun hirurogeiko hamarkadaren hasierako eta hirurogeita hamarrekoaren hasierako boom demografikoaren ostean, etxebizitza erosteko edadean dagoen populazioak behera egiten duela, ez dagoela eskari handiegirik eta eskaintzak lehengoan jarraitzen duela.
Ederto, imajina dezagun diruaren prezioa %6koa dela eta etxebizitzaren prezioa orain 31 milioikoa dela, hau da, familiaren ondarea 35 milioitik 33 milioira jaitsiko da.
Gure familia arrunt horrek 175.000 pezeta ordaindu beharko lizkioke hilean bankuari, hau da, portzentajea %50ekoa izango litzateke eta, ondorioz, beste gastu batzuk murriztu beharko lituzke. Zorpetze maila arduragarria da hori, eta ezin diote euren ondarearen balioarekin aurre egin, hau da, pisuarekin. Daukatena baino gehiago zor dute, eta ezin dute ezer aurreztu.
Horrez gain, demagun enpresa batzuk itxi egiten dituztela, hau da, gure familia arrunteko soldatetako bat galdu dugu, eta langabezian dago orain. Egoera, orduan, oso larria izango da. Soldata bakar bat daukate orain, batez ere hipotekari aurre egiteko. Hurrengo urratsa etxebizitza saltzea da, baina horrekin ez dute banketxearekin duten zor guztia estaltzen.
Alegiazko egoera hori ez da ezinezkoa, horretaz ohartarazten digute. Metro koadroaren prezio ikaragarriaren eraginez zor handiegiak dituzte familiek. Horren ondorioz, baliteke beste egoera batera pasatzea, hau da, interesak igotzea eta, ondorioz, etxebizitzen balioak behera egitea. Beraz, familia askok eta askok daukatena baino gehiago zor izango dute. Horri gaur egungo lan egoeraren aldaketaren bat gehitzen badiogu, drama geldiezina izan daiteke etxe asko eta askotan.
Datu horiek, eta horrela izango dela dirudi, aurrezteko eta gastatzeko gure gaitasunaren gainean hausnarketa eginarazi behar digute, banketxeekin zorpetzeko daukagun beharrizanaren gaineko eta, batez ere, gure egoera ekonomiko partikularraren gaineko hausnarketa, familientzat erabakigarria den gai honetan eragina duten eragileak orekatzeko, hain zuzen ere.
Gertaezinak diren egoerei buruzko hausnarketak eta aurreikuspenak egitea, ekonomiaz ari bagara, larrialdi ekonomikoen aurrean aurrera egitearen edo familiaren porrotaren arteko diferentzia izan daiteke, porrotak izan ditzakeen ondorio negatibo guztiak kontuan hartuta.
Adibide hau, jakina, adibidea baino ez da. Adibide honekin adierazi nahi da egoera ekonomikoak oso aldagarriak direla, egoera meteorologikoak diren beste, eta zenbait unetan, muturreko egoeretara heltzen ez den arren, aurrezteko edota gastatzeko dugun gaitasuna izugarri alda dezakete.
Zaparradei aurre egiteko aterki bat eduki behar da beti, eta beste behin ere esatea aspergarria izan daitekeen arren, aurreztea eta aurreikustea da biderik egokiena, ahalik eta gutxien bustitzeko.
Ricardo Barquín.
|