|
Boletin 7. 2004 urteko abendua
Gabonak: Poltsikoetan ikatza ez edukitzeko aholkuak
Laster barru Gabonak gure bihotzetan eta patriketan sartuko dira berriz ere. Ilusioz eta emozioz gainezka egongo diren kaleak eta etxeak argiztatuko dituzten argiek opariak banatuko dituzte, afari oparoak izango ditugu eta, zorte apur batekin, loterian ere zeozertxo tokatuko zaigu.
Opariak, jaki onak, adiskideekin edo familiarekin afariak edota urteari agur esateko bidaiaren bat dira ditugun egitekoak. Kaba eta otarrainxkak, berriz, jai horietako lagun ahaztezinak izango dira.
Baina jarduera eta erosketa horiek guztiek, zoli ez bagabiltza, dar-dar ipiniko dute gure diru-zorroa zati baterako; horixe da biharamunik garestiena.
Aurreikustea aurreztea da:
Beraz, jai polit hauek ez daitezen buruko min bihurtu, kontrolik gabeko gastuari aurrea hartzea eta aurreikuspena dira ditugun aukerarik indartsuenak.
Gabonetako produktuei, supermerkatuetan eta jostailu dendetan, aste batzuk lehenago begiratuz gero, janaritan diru asko aurreztu ahal izango dugu, portzentaje handia. Oro har, izoztutako produktuak edo, areago, bildotsa hilabete lehenago erosiz gero, %30 inguru aurrez dezakegu.
Janariari dagokionez, mariskoa (izoztutakoak alternatiba ona dira) edo ohiko produktuak (bildotsa, turroiak edota kaba) aste batzuk lehenago erosiz gero, lehenik eta behin, gastua aurreko asteetan eta hilabeteetan banatu ahal izango dugu eta, bigarrenik, dirua aurreztuko dugu, Gabonak bertan ditugunean garestitu egiten baitira.
Horri esker, eta behar besteko aurrerapenaz erosiz gero, Gabonetan prezioek izan ohi duten gorakada eragotz dezakegu. Janaria aste batzuk lehenago erostea diru asko aurrezteko modua da, beraz.
Zorioneko loteria:
Seguruenik, abenduaren 22an gure poltsikoetan Gabonetako zozketarako loteria dezimoak eta partaidetzak baino ez ditugu edukiko. Ederto, gure zoria, ia beti bezala, antzua izango zen, baina gastua ez.
Egun berezi horretako partaidetzak aztertzen baditugu, ziurrenik, “kale-bazterreko kioskoko” zenbakiak ere edukiko ditugu. Jakina, ez dugu zenbaki hori edo beste bat erosi gabe utziko baina, zergatik ez dugu diru-kopuru zehatz bat gordetzen aste batzuk lehenagotik loteria erosteko?
Aurrekontua betetzen zaila izaten da sarritan, baina loterian behar duguna baino gehiago ez gastatzeko bide bakarra izan daiteke. Partaidetzak trukatzea ere izan daiteke beste bide bat, gure aurrekontuan hasieran zehaztutakoa baino diru gehiago ez galtzeko, hain zuzen ere.
Urte bukaerako kotiloia eta opariak:
Urtezaharreko afaria eta Errege eguna, opariak eta jatekoak eta guzti, urteko egunik zoriontsuenetakoak dira guztiontzat. Ilusioak eta kaba, kotiloiak eta musika. Egun horiek zoriontsuak izan daitezke guztiontzat, baina gure ekonomiarako oso arriskutsuak ere bai.
Urtezaharrean, oro har, ez diogu jaramon handiegirik egiten gastuari, ez egunez ez gauez. Kaba botilak eta kotiloiak zenbat-gura izaten dira gauean eta, kontuz ez bagabiltza, gure kontu korronteak behera egiten du konturatu orduko. Biharamuna oso gogorra izan daiteke.
Alkoholdun edariak arduraz edatea eta gau handirako aurrekontu bat egitea oso aukera ona izan daiteke Urtezaharreko gastu handia eragozteko. Beste alde batetik, gehiegikeriak ez dira gastuarentzat bidaide onak eta, ondorioz, aurreikuspena, betetzea oso zaila izaten den arren, armarik onena da gehiegizko gastuari aurre egiteko.
Gabonetako opariak ere kontrolik gabeko gastu iturri izaten dira. Hori dela eta, opariak garaiz aukeratuz gero, erosketa ere zentzuzkoa izango da. Denda bateko prezioak beste batzuetakoekin konparatzea ere oso lagungarria izan daiteke gure gastua kontrolatzeko. Bestalde, gogoratu, egindako erosketetako faktura gorde egin behar dela beti.
Biharamun gozoa:
Zaila den arren, aholku hauetakoren bat kontuan hartuz gero, gure Gabonetako biharamuna lasaiagoa izango da ziurrenik. Gabonak, familiarekin eta lagunekin egoteko egun zoriontsuak izateaz gain, zorpetzeko iturri ere izan daitezke familientzat.
Gastuak zentzuz eginez gero, eta erosketak ondo aurreikusiz gero, gure patrikak erosoago eutsiko dio gehiegikeriari, eta zorrek ez diote gainez egingo familiaren aurrekontuari.
Horri guztiorri urtarrileko merkealdia gehitzen badiogu, gastua zeruetara joan dakiguke; urtarril edo otsail bukaeran gure kapitala jota egongo da, eta horrek eragina izango du hurrengo hilabeteetako bilakaera ekonomikoan ere.
Hori dela eta, Gabonetan kontuz eta zentzuz kontsumitu eta merkealdian gastuak kontrolatu. Horixe da biderik onena gure ekonomiak sasoi horietako gehiegizko gastuaren gorabeherak izan ez ditzan.
Ricardo Barquín.
|