|
Boletin 8. 2005 urteko abendua
Etxeko-Andrek informazio kanpaina bat abiarazi du haur eta gazteei telebista eta teknologia berriak hobeto erabiltzen irakasteko.
Gero eta haur gehiagok bakarrik ikusten dute telebista.
- Hamar familiatik hirutan bakarrik hitz egiten dute gurasoek seme-alabekin telebistan ikusten dutenari buruz.
- Hamar inkestatutik bederatzik salatzen dutenez, telebista kanalak ez dira arduratzen gurasoei laguntzeaz haurrentzako egokiak diren programak emanez.
- Inkestatuen %80ri ongi iruditzen zaio Ikus-entzunezkoen Kontseilu Gorena sortzea.
Bilbon, irailaren 29an
ETXEKO-ANDRE Kontsumitzaileen eta Etxeko-andreen Elkarte Probintzialak “Pantaila lagunak?” gida praktikoa aurkeztu du gaur. Aipatutako gida asmo handiko informazio eta prestakuntza kanpaina baten ardatza da. Kanpainaren helburua da ikus-entzunezko baliabideak eta “pantaila berriak” direlakoak (ordenagailua eta bideokontsola) modu kritiko eta zentzuzkoagoan erabiltzea.
ETXEKO-ANDREk doan banatzen du gida. Trukuak, aholkuak eta gomendioak emateaz gain, hainbat gai jorratzen ditu: haurrek telebistaren aurrean ematen duten denbora; informazio diskurtsoa nola interpretatu; telebistako publizitatea; Sarearen erabilera segurua edo bideo-jokoen kontsumoa.
Izan ere, gurasoek eta hezitzaileek ez dakite gai horien aurrean nola jokatu, eta gehienek ez dituzte beren eskubideak ezagutzen, “Haur eta gazteen kontsumo ohiturak telebistari eta teknologia berriei dagokienez” txostenak agerian utzi duenez. Hamar inkestatutik bederatzik diote ez dituztela ezagutzen telebistaren aurrean ditugun eskubideak, eta %85ek aitortzen du ez dakiela nola erreklamatu, ezta non ere. Txostena Elkarte Probintzialekin lankidetzan egin du ETXEKO-ANDREk.
Ohiturei dagokienean, gero eta jende gehiagok telebista bakarrik ikusten du. Hori da gehien aldatu den ohitura, lehen telebista familiarekin ikusi ohi baitzen. Telebista oraindik egongelan nagusi den arren, dagoeneko presentzia nabarmena du etxeko beste toki batzuetan, esaterako, sukaldean, gurasoen logelan edota haurren logelan. Gainera, txostenaren arabera, 12 urtetik gorako haurren %20k ez du telebista egongelan soilik ikusten: %12k batez ere bere logelan ikusten du, %7k sukaldean eta %2k gurasoen logelan. Hala ere, haur gehienek oraindik telebista egongelan ikusten dute gehienbat.
Bestalde, txostenak azpimarratzen duenez, eguneroko telebista kontsumoa handiagoa da adinak gora egin ahala: sei urtera arteko haurren %21ek ez du telebista egunero ikusten; sei eta hamaika urte bitarteko haurren kasuan, %14k ez du egunero edo ia egunero ikusten. Aldiz, 12 urtetik aurrera portzentajea %8ra jaisten da: adin horretatik gorako haurren %92k telebista egunero edo ia egunero ikusten du.
Telebista ikusten duen haurraren erretratu robota egin behar bagenu, zera esango genuke: haurra eskolatik itzultzerakoan etxean dagoen pertsona ama da (kasuen %60an); haurrak telebista arratsaldean ikusten du batez ere (%42; beste ordutegi batzuetan kontsumoaren ehunekoak txikiagoak dira); eta telebista ikusten du “jostagarria eta entretenigarria delako”.
Gainera, txostenak agerian uzten du gurasoek oso gutxi esku hartzen dutela beren seme-alaben telebista kontsumoan: hamar familiatik hirutan bakarrik hitz egiten dute gurasoek seme-alabekin telebistan ikusten dutenari buruz.
Haurrak hobeto babesteko irtenbideei dagokienez, inkestatuen %80ri ongi iruditzen zaio Ikus-entzunezkoen Kontseilu Gorena sortzea. Horrez gain, telebista kanalen aldetik laguntza gehiago eskatzen dute: hamar inkestatutik bederatzik salatzen dutenez, kanalak ez dira arduratzen gurasoei laguntzeaz haurrentzako egokiak diren programak emanez.
“Pantaila lagunak?” Gida Praktikoa doan banatzen da.
|