|
Boletin 8. 2005 urteko abendua
Etxebizitzaren erosketarekin loturiko gastuak
Etxebizitza bat erosteak berez gastu handia badakar, kontuan hartu behar da zenbait faktorek etxebizitzaren prezioa %10era arte garestitu dezaketela. Faktore horiek eskritura publikoa, erregistroa eta zergak dira. Adibidez, 200.000 € balio duen etxebizitza bati 20.000 € inguru gehitu behar zaizkio gastu horiengatik.
Izapideak
Notariotzarekin eta gestioekin loturiko gastuak
Notarioak etxebizitzaren salerosketako eskritura egiten du, eta hipotekarena ere bai, horrelakorik baldin badago. Kasu horretan, ordaindu beharreko kopurua bikoiztu egiten da.
Notarioaren tarifak bi osagai ditu. Lehenengo osagaia zergei dagokie, ofizialki arauturik dago eta eskrituratutako ondasunaren prezioaren araberakoa da. Horrez gain, notarioak etxebizitzaren salerosketaren inguruan egindako gestioak kobratzen ditu, besteak beste, erregistroaren aurrean egindako izapideak edo ogasuneko kitapenak. Gestio horiengatik kobratzen den tarifa librea da, eta notariotza batetik bestera aldatu egin daiteke.
Beraz, notariotza aukeratu aurretik aurrekontua eskatzea eta prezioak alderatzea komeni da.
Zergak
Zergen zenbatekoa aldatu egiten da, etxebizitza berria edo bigarren eskukoa den.
Etxebizitza berria bada, %7ko BEZ ordaindu beharko da eta kopuru horri %0,5 gehitu beharko zaio, egintza juridiko dokumentatuengatik.
Babes ofizialeko etxebizitzengatik %4ko BEZ ordainduko da.
Etxebizitza bigarren eskukoa bada, ondare eskualdaketen gaineko zerga ordaindu beharko da (%6koa Euskal Autonomia Erkidegoan). Beraz, 200.000 € balio duen etxebizitza bati 12.000 eta 15.000 € arteko zenbatekoa gehitu beharko zaio zerga gisa, etxebizitza berria edo bigarren eskukoa den.
Aipatutako zergak eskriturak egin aurretik ordaindu beharko dira, eta ordainketa bakar batean.
Hiri Lurren Balio Gehitzearen gaineko Zerga (Gainbalioa izenaz ezagutzen dena) saltzaileari dagokio ordaintzea. Beraz, eskriturak egin aurretik saltzaileari hori egin dezala eskatzea komeni da.
|