Juan de Ajuriaguerra, 9 - 7°. 48009 Bilbao
Tel. 94 424 92 10
Fax 94 424 64 20
 
berriak boletin etxebizitzei buruzko aholkularitza
  Elkarte kideak
  Zerbitsuak
  Ordezkaritza
  Baliabideak
  Iharduera esparruak
  Kontsulta eta erreklamazioak
  Loturak

Boletin 8. 2005 urteko abendua
Osasun publikoa Euskadin: etorkizunerako erronkak

Azken urteotan euskal gizartea izugarri garatu da, eta horri esker, Europako gizarte aurreratuenen pareko ongizate eta bizi-kalitate maila lortu dugu. Euskal Herriko kontsumitzaileak produktu seguruak eta kalitateko zerbitzuak eskatzen ditu gero eta gehiago. Eskakizun maila hori bereziki zorrotza da Osasun Publikoari dagokionez; izan ere, Euskal Kontsumitzaile eta Erabiltzailearen Estatutuko artikuluen arabera, oinarrizko eskubidea da pertsonen osasun eta segurtasunari eragin diezaioketen arriskuei aurre egiteko babes integral bat edukitzea. Horregatik, herritarrek kalitateko prestazioak eskatzen dituzte, beraiengandik hurbil eta azkar eskuratzeko modukoak, eta beren osasunarekin zerikusia duten erabaki-hartzeetan parte hartu nahi dute.

Gure erakundeko bulego juridikoetan aurkeztutako kexa eta/edo erreklamazioak kontuan izanik, argi dago euskal osasun publikoak gatazkakortasun oso baxua duela: 2003. urtean burutuko ekintza guztien %0,30 besterik ez. Gainera, ehuneko hori aurreko urteetakoa baino txikiagoa izan da. Bestalde, gure kideekin egunero izandako harremanen eta egindako jardueren arabera, esan dezakegu EAEko osasun publikoak oso estimazio handia duela erabiltzaileen artean. Herritarrek profesional sanitarioen gaitasuna baloratzen eta aitortzen dute, eta baita eskainitako zerbitzuen kalitatea ere, eta orokorrean konfiantza handia dute osasun sistema publikoagan.

Baina horrek ez du esan nahi erabiltzaileek hobetu beharreko alderdirik ikusten ez dutenik. Kexa gehienak mailarik hurbilenean kokatzen dira, lehen mailako asistentzian. Izan ere, osasun zentroen masifikazioagatik, profesional sanitarioek ezin diote pazienteari behar adina denbora eskaini, eta sarritan zaila izaten da bere egoeraren jarraipen zehatza egitea. Gauza bera esan daiteke itxaron-zerrendei buruz.

Argi dagoenez, ahalegin handia egin da itxaron-denborak murrizteko, eta erabiltzaileek aitortzen dute horrela dela. Oraindik lan handiagoa egin behar da, ordea, batez ere proba diagnostikoen itxaron-denbora murrizteko, haien azkartasuna erabakigarria izan baitaiteke patologia jakinak diagnostikatzeko eta tratatzeko.

Lehen mailako asistentzia hobetzeko eta itxaron-denborak murrizteko, besteak beste, plantillak handitu beharko lirateke, haiek gaurko egoerara egokitu daitezen, baina hori zaila da egungo aurrekontua kontuan izanik.

Gastuaren kontrola eta murrizketa

Sarritan, eta aurrekoari kontrajarrita, farmaziako gastuak sistemari dakarzkion arazoen berri ematen digute erabiltzaileei. Egoera horretaz jabetzen gara; farmaziako gastuak bitartekoen zati handi bat bereganatzen du, eta beste zenbait alderdi oztopatzen, esaterako, teknologiako inbertsioak edo ikerketa. Medikuak farmazia industriaren presio izugarria jasaten du; izan ere, osasun sisteman 7.000 espezialitate daude onartuta, eta lehenbailehen merkaturatu behar dira. Bestalde, ekintzak batez ere gaixotasunak sendatzera bideratzen dira, ez haiek prebenitzera, eta desoreka hori zuzendu egin behar da. Egoera hori aldatzeko, Administrazioak, profesionalek eta herritarrek konpromiso bat hartu behar dute. Herritarrak ordezkatzen ditugun erakundeok prest gaude konpromiso hori gure gain hartzeko.

Etorkizunerako erronkak

Herritarren osasuna hobetzeko, etorkizunean osasunaren zainketa ikuspuntu sanitarioaz haratago aztertu beharko da, alderdi sozio-ekonomikoak kontuan izanik eta herritarren bizi-kalitatea handituko duten politikak ezarriz. Horretarako, ezinbestekoa da osasun sistemaren eta gizarte zerbitzuen artean koordinazio estua egotea.

Era berean, herritarren bizi-itxaropena luzatu egin denez, prebentziozko zainketak bultzatzen dituzten zerbitzuak ezarri beharko dira pertsonen funtzio gaitasuna mantentzeko. Horrez gain, iraupen luzeko zainketak ugaritu beharko dira, dementziak, Alzheimerra eta beste patologia batzuk tratatzeko.

Goian aipatutako patologiez gain, gazteen artean ugaritzen ari direnak ere kontuan hartu behar dira, adibidez anorexia eta bulimia. Horregatik, etorkizunean arreta psikiatrikoari lehentasuna eman beharko zaio, eta sortuko diren gaixotasun berriak ikertzeko bitarteko gehiago jarri beharko dira.

Azkenik, herritarrengana iristen den osasun publiko bat lortzeko, osasun publikoa herritarrengana hurbildu beharko da, bideak irekiz herritarrek ezartzen diren politiketan parte har dezaten, beren hitza eta erabaki gaitasuna erabiliz.

© EKE. Euskadiko Kontsumitzaileen Elkargoa. Federación de Consumidores de Euskadi. Diseinua eta garapena Eclickse Digital