|
Boletin 8. 2005 urteko abendua
Merkataritza elektronikoa: ordainketa modu seguruak
Informazioaren eta komunikazioaren gizarte honetan, gero eta gehiago dira transakzio ekonomikoak egiteko merkataritza elektronikoa erabiltzen duten pertsonak. Merkataritza elektronikoa ondasun bat erosteko eta/edo zerbitzu bat kontratatzeko modu azkarra eta erosoa da; hala ere, kontsumitzaile askok errezeloak izaten dituzte sistema hori erabiltzeko, engainatu egingo dituzten beldur direlako edo ohiko ordainketa moduek fidagarritasun gutxi dutelako.
Sarritan, pirata informatiko delakoek gure kontu, kreditu txartel eta abarren ezkutuko zenbakiak ezagutzeko eta gure diruaz jabetzeko erabiltzen dituzten iruzur sofistikatu eta askotarikoak azaltzen dizkigute albisteetan.
Merkataritza elektronikoak aurrera egiteko eta kontsumitzaileen onespena izateko, ezinbestekoa da ordainketa moduen bortxaezintasuna bermatzen duen sistema bat sortzea. Funtsezkoa da eroslea ziur egotea berak egindako transakzioaren ondorioz inork ez duela bere nortasuna ordezkatuko, eta inor ez dela bere kontuetan sartuko bere izenean eta bere funtsen kontura erosketak egiteko.
Ordainketa moduak:
Banku transferentzia:
Internet bidezko erosketak ordaintzeko modurik erraz eta seguruena da beharbada. Baina badu eragozpenik: eragiketa horrek dakarren gastua oso handia izan daiteke, kontuan izanik transferentziak herrialde desberdinen artean egiten direla sarritan, eta horrek komisioak garestitzen dituela.
Errenboltsozko ordainketa:
Bezeroak merkantzia jasotzen duenean egiten du ordainketa. Sistema honek kontsumitzaileengan konfiantza sortzen du, baina enpresa guztiek ez dute eskaintzen.
Oso garrantzitsua da entregaren nahiz eskabidearen baieztapenaren datuak argi egotea, gaizki ulertuak egonez gero kostuak handitu egin daitezkeelako.
Kreditu / zordunketa txartela:
Gehien erabiltzen den metodoa da, eta merkatari elektronikoek gogokoen dutena. Eragiketa azkarra da, baina kontsumitzaileek errezeloak izaten dituzte kreditu txartelaren zenbakia ematerakoan.
Telefono bidezko ordainketak:
Telefonoa gero eta gehiago erabiltzen da ordainketak egiteko. Normalean zenbateko txikiko ordainketak izaten dira, eta hainbat modu erabil daitezke.
Ordainketa modurik ohikoena SMS mezuen bidezkoa da (mezua telefono zenbaki batera bidaliz). Zerbitzu horien kostua handia izaten da, eta erabiltzaileari fakturatutako zenbatekoa hiru bitartekok partekatzen dute: telefono konpainiak, zerbitzuaren hornitzaileak eta finantza erakundeak.
Mugikorraren bidezko ordainketak – “mobipay”:
Zerbitzu honen bidez, “mobipay” bereizgarria daraman edozein denda birtual edo establezimendutan egin daitezke erosketak. Sistema hau finantza erakunde gehienek, telefonia mugikorreko hiru konpainiak eta ordainketa moduen hornitzaileek bultzatzen dute.
Zerbitzuan alta ematerakoan, bezeroak bere ohiko ordainketa moduak, txartelak, etab. telefono mugikorrarekin lotzen ditu, eta haren bitartez kudea ditzake, ezkutuko zenbaki bat erabiliz.
Ordainketa txartelaren bidez egindako beste edozein erosketa bezala egiten da. Eragiketa baimentzeko, bezeroaren ezkutuko zenbakia behar da, eta, beraz, kreditu txartelaren bidez egindako ordainketak bezain segurua da.
Segurtasuna sistemako agenteentzat:
Internet bidezko merkataritza azkarrago haz dadin, salmenta modu honek kontsumitzaileengan sortzen dituen zalantzak eta mesfidantza desagertu egin behar dira. Ildo horretatik, ezinbestekoa da erabiltzaileei behar duten segurtasuna emango dieten ordainketa moduak sortzea. Sistemak konfidentzialtasuna bermatu behar du; alegia, ordainketa transakzio batean trukatutako datuak ezin ditu inork ikusi, datuen hartzaileak izan ezik. Horretarako, nahitaezkoa da banku informazioa sare seguru baten bidez igortzea, datuak enkriptatuz.
Kontuan hartu beharreko beste alderdi bat trukatutako datuen osotasuna da, eta datuok aldaezinak izatea, batez ere ordainketaren zenbatekoari eta kontuko zenbakiari dagokionez. Horregatik, behar-beharrezkoa da sinadura digitalari buruzko alderdi guztiak indartzea.
Era berean, ordainketa egin aurretik, oso garrantzitsua da eragiketa baimentzea, batik bat kreditu txarteletan oinarritutako ordainketa sistemetan.
Beraz, ezinbestekoa da kontsumitzaileari behar den informazio guztia ematea, bere transakzioetan segurtasuna bermatu ahal izateko eta, beharrezkoa denean, oinarri juridiko bat edukitzeko.
|