|
Boletin 8. 2005 urteko abendua
Eramangarritasuna (telefono konpainiaz aldatzea)
Eramangarritasuna telefono konpainiaz aldatzeko aukera da, lehengo telefono zenbakia mantenduz.
Zenbait telefono-operadorek zerbitzuaren baldintzak aldatzeko aukera ematen diete beren bezeroei, telefono zenbakia aldatu beharrik gabe, baina hori ez da eramangarritasuna. Eramangarritasuna operadorez aldatzen denean bakarrik gertatzen da; hau da, eramangarritasuna izateko ezinbestekoa da bi operadore egotea: operadore emailea eta operadore hartzailea.
Eramangarritasunerako eskubidea erabiltzerakoan, abonatuak askatasun osoa izango du nahi duen zerbitzu mota aukeratzeko (kontratua edo aurreordainketako txartela), beti ere, zerbitzuari eman nahi dion erabileraren arabera. Beraz, operadore hartzaileak ezingo du mugarik ezarri erabiltzaileak aukeratutako teknologiari edo zerbitzu berriari dagokionez, bestela arauak hautsiko lituzke eta. Hortaz, zerbitzu motak ez du garrantzirik edukiko eramangarritasuna egiteko orduan.
Operadore hartzailearentzat, eramandako abonatua gainerako bezero guztiak bezalakoa da, baina zenbaki berririk gabe, lehenengo operadoreak (emaileak) emandako zenbakia mantendu duelako.
Nola eskatzen da eramangarritasuna?
Abonatuak sinatutako eramangarritasun eskabidearekin (aurreordainketa edo kontraturako) abiarazten du operadore berriak prozesua.
Eskabide hori sinatzeak hurrengoa dakar berekin:
-Abonatuak operadorean baja eman eta aldi berean zenbakia mantendu nahi duela.
-Abonatuak aldaketak egiten diren bitartean linean gerta daitezkeen etenak onartzen dituela.
-Abonatuak baimena ematen duela bere datuak, eskabidean agertzen direnak nahiz operadore emaileak dituenak, tratatuak izan daitezen, eta operadore hartzaileak jaso ditzan.
Abonatuak eskabidearen hiru kopia sinatu beharko ditu gutxienez: lehenengoa baja eman den operadorearentzat (emailearentzat), bigarren bat kontratatu nahi duen operadorearentzat (hartzailearentzat), eta hirugarrena berarentzat.
Eskabidea operadore berriak bidaliko dio abonatuaren operadore zaharrari, eta hark eskabidea onartu edo atzera bota dezake. Operadoreak eskabidea atzera botatzeko arrazoi objektiboak eman beharko ditu, indarreko araudiaren arabera.
Adibide gisa hurrengo arrazoiak aipatuko ditugu (beste batzuk ere egon daitezke):
- datuak osagabeak edo okerrak dira.
- zenbaki horrentzako dagoeneko abian dago eramangarritasun prozesu bat.
- ezinbesteko kasu justifikatuak.
- zerbitzua eten egin da, ez ordaintzeagatik.
Eramangarritasuna ukatzen ez bada, operadore berriaren banatzaileak abonatuari jakinaraziko dio SIM txartel berria jaso dezakeela, operadore horren abonatu gisa komunikazioak egin ahal izateko. Azkenik, operadore berriak operadoreen arteko aldaketa noiz gertatuko den jakinaraziko dio abonatuari, dei edo mezu labur baten bidez.
Aldaketa gehienez hiru orduren buruan gertatuko da, eta denbora horretan zerbitzuaren erabilgarritasuna ez da egongo bermatuta.
Eramangarritasuna eskatzerakoan kontuan hartu beharrekoak.
Abonatuak eramangarritasuna eskatzen duenean terminal bat blokeatuta badauka, terminal hori askatu egin beharko da operadore berriak erabili ahal izateko, terminalaren kontratuko baldintza orokorretan hala jasota badago. Konpainia bakoitzak bere sistema dauka zeregin horretarako.
Eramangarritasunak prezio librea dauka, eta abonatuak eta operadore berriak adostutakoaren menpe dago. Normalean, prozesu horrengatik ez da ezer ordaintzen.
Abonatuak uste badu eramangarritasun prozesuan bere eskubideak urratu egin dituztela, erreklamazioa aurkezteko aukera izango du. Nahi izanez gero, Euskadiko Kontsumitzaileen Federazioko Bulego Juridikoak erreklamazioa bideratuko du.
|