Juan de Ajuriaguerra, 9 - 7°. 48009 Bilbao
Tel. 94 424 92 10
Fax 94 424 64 20
 
berriak boletin etxebizitzei buruzko aholkularitza
  Elkarte kideak
  Zerbitsuak
  Ordezkaritza
  Baliabideak
  Iharduera esparruak
  Kontsulta eta erreklamazioak
  Loturak

Boletin 9. 2006 urteko ekaina
Euskal merkataritza: Etorkizunerako apustuak

Kontsumitzaileen erakundearen ikuspegitik merkataritzari buruz hitz egitea sektore garrantzitsuaz berba egitea da. Hain zuzen ere, hiri-merkataritzak erosteko premiei aurre egitea dauka helburu, baina, horrez gain, balio erantsia eskaintzen dio hiriari. Bestetik, merkataritza bera oinarrizko aldagaietako bat da hiriaren xarma areagotzeko orduan, hiritarren bizi-kalitatean duelako eragina, zerbitzua zein bizitasuna eskaintzen dituelako eta turismoa nahiz beste jarduera ekonomiko batzuk erakartzen dituelako.

Gure erakundeak dituen datuen arabera, gure bulego juridikoetan jasotako 4.000 inguru jarduketetatik, ia-ia %5ek dauka zerikusia merkataritzaren sektorearekin, eta, oro har, inolako arazorik gabe ebazten dira. Hori dela eta, beste era bateko datuak ere kontuan hartuta, euskal merkataritzak hiritarrei eskainitako poztasun eta konfiantza maila handia dela esan dezakegu. Dena dela, egia ere bada kontsumitzeko ohiturak eta moduak etengabe aldatzen direla eta eredu horren bideragarritasunaren inguruko mehatxuak daudela.

Erosteko edo hornitzeko lekua eta zentro ludikoa edo gizarte-harremanetarako eremua den hiri-inguruko merkataritza-gunearen fenomenoa indar handiz ezarri denez, hiritarren jokabidea erabat aldatu da, eta, ohiko hiri-merkataritzaren kaltetan, pertsona ugari erakarri ditu eredu horretarantz. Hori dela eta, hiriek euren bizitasuna galdu dute.

Nire iritzia eta ordezkatzen dudan erakundearen iritzia alde batera utzita, eredu horrek mesfidantza sortzen digu, ingurumenaren iraunkortasunerako irizpideen aurkakoa delako (ibilgailuen bakarkako erabileraren sustapena, sarbide gehiagoren premia edo bertan sortutako arazoak…), bai eta irizpide kontsumeristen aurkakoa ere (aisialdiarekin lotutako kontsumoaren eskaintza, banaketaren monopolioa…). Edonola ere, gizarteak gero eta gehiago onartzen duen eredua denez, bi ereduak, hirikoa eta hiri-ingurukoa, batera bizi beharko dira zentzuzko orekaren barruan.

Beste mehatxu batzuen artean, Bolkestein Zuzentaraua indarrean sartzean sortu daitekeen egoera nabarmendu behar dugu, era guztietako ikurrak askatasunez ezarri ahal izango direlako eta dumping-efektu arriskutsua sortu ahal izango delako. Inolako zalantzarik gabe, horrek guztiorrek eragin argia izango du prezioetan, baina ez dut uste biztanle gehienek eskatzen dituzten kalitate-estandarrak eskainiko dituztenik.

Era berean, urruneko, katalogo bidezko eta internet bidezko erosketak ere aipatu behar ditugu. Izan ere, oraindik oso ugariak ez badira ere, gora egin dute eta gehienetan zailtasunez bideratu daitezkeen erreklamazio asko sortzen dizkigute.

Egoera horretan, globalizazioa atzeraezina dela kontuan hartuta, ezinbestekoa da kontsumitzaileen eskariei buruz hausnartzea. Alde horretatik, kontsumitzaileentzat hiri-merkataritza erakargarria izan dadin, balio bereizgarria eman beharko dio eskaintzari, honako parametro hauen arabera:

*   Eskaintza erakargarria bezain bereizgarria. Horretarako, eredu berriak bilatu beharko dira, eta, bertan, berrikuntzari nahiz bereizkuntzari eman beharko zaie lehentasuna.
*   Baliabideen bateraketa. Horiek horrela, baldintza onenak lortu eta eskaini ahal izango dira.
*   Kontsumitzaileekiko harreman atsegina. Horrela, bada, erosketa bera sustatuko da, aholkularitza egokiaren, etxez etxeko zerbitzuaren eta saldu osteko atentzioaren bidez, beharrezkoa izanez gero. Era berean, sektoreko liderrek egindako berrikuntzak ere jarri beharko dira abian.
Zentzu horretan, adibide moduan aipatuko dugu hausnarketalditzat hartu dezakegun epea. Horren arabera, erositakoa uste ez bezalakoa bada, produktua aldatu ahal izango dugu eta dirua ere itzuli ahal izango digute, zentzuzko epearen barruan.

Amaitzeko, ondorio moduan egiaztatu dezakegu euskal merkataritzak baduela etorkizunik, kontsumitzaileak kontuan hartzen baditu. Hala ere, ohituren aldaketa etengabea dela onartu beharra dago. Beraz, aldaketa horietara egokitu behar gara, eta, ahal izanez gero, aurrea hartu behar diegu.

Jon Ariño, Euskadiko Kontsumitzaileen Federazioko presidentea.

© EKE. Euskadiko Kontsumitzaileen Elkargoa. Federación de Consumidores de Euskadi. Diseinua eta garapena Eclickse Digital