|
Boletin 9. 2006 urteko ekaina
Europaren aurrean hiri-mekataritzarako ereduaren alde egin dugun apustua
Ekainaren 29an eta 30ean, Europako lehiakortasun-ministroak Bruselan batzartuko dira, Barruko Merkatuko Zerbitzuen Zuzentarauari edo Bolkestein Zuzentarauari buruz hitz egiteko. Bilera horretan, Montilla ministroak parte hartuko du, eta merkataritza-arloko eskumenak dituzten autonomia-erkidegoek, Euskadik, esaterako, gai horri buruz daukaten iritziaren bozeramailea izan beharko da.
Bilera garrantzitsua izango da, zuzentarauak eragin zuzena izango baitu merkataritzaren antolamenduan, sektorearen arauketa baldintzatzean. Denok dakigunez, egoera horren ondorioz merkataritza-ekipamendu handiak jarriko lirateke askatasun osoz, besteak beste, “ez delako egiaztatu beharko merkatuan premia ekonomikoa edo eskaria dagoela baimena eman ahal izateko.”
Beraz, zuzentarau horrek sakon-sakon berbideratuko du euskal gobernuak 1998. urteaz geroztik defendatu duen politika. Politika horrek, hain zuzen ere, Euskadin bertan merkataritza-sistema duala garatzea du helburu, enpresa handi eta txikien arteko oreka erdiesteko asmoz. Gobernuaren ustez, ez dago desberdinak berdin tratatzerik; ingurukoa barik hiriko merkataritza-jarduerari eman behar diogu lehentasuna, formatu zehatzetan garatutakoari, batez ere; eta mugitzeko zailtasunak dituzten adinekoengandik hurbil dagoen hiri-merkataritza sustatu beharra dago.
Hori guztiori dela eta, Eusko Jaurlaritzarentzat beharrezkoa da zuzentarauaren zenbait alderdi aldatzea. Horiek horrela, Europako merkataritzaren eredua garatu ahal izango da, eta, horren ondorioz, hiri-eredua ere bai (trinkoa, bizia eta gizarte-kohesioduna). Horrez gain, hiri zein merkataritza ingurune iraunkorragoak sustatu behar dira, Montilla ministroari adierazi dion bezala.
Zorionez, Europako Parlamentuan Bolkestein Zuzentarauari buruz eztabaidatu dutenean, aipatutako zenbait muga zehaztu dira, eta, salbuespenez, onartu egin da sektorea antolatzeko orduan interes orokorreko gaiak kontuan hartzea, parlamentuko gehiengoak, euren artean, Josu Ortuondo euskal parlamentari europarrak, defendatutako zuzenketari esker.
Nolanahi ere, Europako Zuzentaraua garatu bitartean Euskadin Merkataritzako Ekipamendu Handiak jartzeko Dekretua aldatuko denez, indarrean egongo da harik eta arau europar hori ezarri arte.
Merkataritzako Aholkularitza Batzordean eta Merkataritzako Ekipamendu Handien Batzordean aurkeztu berri dugun dekretu berriaren zirriborroan adierazten den bezala, espazioa behar den moduan antolatzeko merkataritza-eredua bultzatu behar da, kalitateko hiri-merkataritza hurbilaren bidez eta ingurumenaren iraunkortasunaren bidez. Horretarako, defendatu beharreko ereduak joan-etorriak eta bideen larregizko erabilera saihestu behar ditu eta gizarte-kohesioa sustatu behar du, zerbitzu hurbila gehien behar duten biztanleen eskariei erantzun behar diegulako.
Jakin badakigu den-dena aldatzen ari dela, Bolkestein mundu-mailan gertatutako eraldaketen isla baino ez dela, baina batez ere, ondo baino hobeto dakigu Europako hiri-ereduaren balioak zaindu behar ditugula, lehen adierazi dugun bezala. Merkataritza gure udalerrietako egitura ekonomikoaren oinarrizko sektorea da, magnitude ekonomiko handiak dituelako eta garrantzi handia duelako gizartean. Izan ere, gure herrietako bizia egituratzen du, eta, horrez gain, elkargune zein gizarte-harremanetarako eremu ezin hobea da.
Beraz, bizitzeko eta hiria eratzeko estiloa defendatzea da helburua, eta, horretarako, globalizazioari diogun beldurra alde batera utzi eta tokian tokiko errealitateetara egokitu beharra dago, Euskadiko eta Europako errealitateetara, hain zuzen ere.
Rodrigo García Azurmendi, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Kontsumo eta Industria Segurtasuneko sailburuordea.
|