Juan de Ajuriaguerra, 9 - 7°. 48009 Bilbao
Tel. 94 424 92 10
Fax 94 424 64 20
 
berriak boletin etxebizitzei buruzko aholkularitza
  Elkarte kideak
  Zerbitsuak
  Ordezkaritza
  Baliabideak
  Iharduera esparruak
  Kontsulta eta erreklamazioak
  Loturak

Boletin 9. 2006 urteko ekaina
Erabilera turistikoko ondasun higiezinen txandakako ustiapena

24/98 Legeak hiru puntutan zehazten du kontsumitzaileen babesa:

1. Informazio-agiria:
Debekatuta dago jabegoaniztasunaren bidez eta jabego hitza daukan beste edozein sistemaren bidez ustiapen-eskubideak txandaka eskualdatzea. Legeak berak eskuratzaileari eman beharreko informazio-liburuxketako edukia arautzen du. Izan ere, loteslea dela eta aldez aurretik Jabetza Erregistroan artxibatu beharra dagoela adierazten du.
Behar bestekoa izan dadin, jabeak, sustatzaileak edo eskubideok era profesionalean eskualdatzen dituen edozein pertsona fisikok edo juridikok eskuratzaileari jakinarazi beharko dio nola lortu ahal izango duen kasuan kasuko erakunde ofizialetan eta elkargo profesionaletan bere eskubideei buruz dagoen informazio guztia. Era berean, titularron esku jarri beharko du bizitokiko altzari, instalazio eta hornidura guztiei buruzko inbentarioa, eta balio orokorra zein den adierazi beharko du.

2. Kontratuari uko egiteko eta amaiera emateko eskumena
Txandakako ustiapenerako eskubideen eskuratzaileak hamar eguneko epea izango du kontratua sinatzen duenetik, bere aukeramenaz kontratuari uko egiteko. Epearen azken eguna jaieguna izanez gero, ez da kontuan hartuko eta hurrengo lanegunean amaituko da epea. Uko eginez gero, eskuratzaileak ez du inolako gasturik ordainduko.
Kontratuan aipamenen edo agiriren bat jaso ez bada edo eskuratzaileari behar besteko informaziorik eman ez badiote edo aurkeztutako informazio-agiria erregistroan artxibatutakoarekin bat ez badator, eskuratzaileak kontratua sinatzen duenetik hasi eta hiru hileko epean eman ahal izango dio amaiera, eta ezin izango diote eskatu inolako zigorrik edo gasturik ordaintzeko. Eskuratzaileari emandako informazioa egiazkoa ez bada, eskuratzaileak kontratua ezeztatzeko eskatu ahal izango du.
Informazioa osatutakoan, eskuratzaileak uko egin ahal izango du zuzenketa egiten denetik hasi eta hamar eguneko epean. Informazioa osatu gabe eta eskuratzaileak kontratuari amaiera emateko eskubidea erabili gabe hiru hilabete igarotzen badira, eskuratzaileak mugaegunaren osteko hamar egunetan ere uko egin ahal izango dio kontratuari.
Kontratuari uko egitean edo amaiera ematean, jabeari edo sustatzaileari jakinarazi beharko zaio kontratuan horretarako ezinbestean zehaztutako helbidean. Jakinarazpena bera edozein sistemaren bidez egin ahal izango da, beti ere jakinarazpena egin eta jaso egin dela eta noiz bidali den egiaztatzerik badago. Ukoetan, nahikoa izango da epea amaitu baino lehen bidaltzea.
Kontratua notarioaren aurrean eginez gero, ukoaren berri eman beharko da notarioaren aktan.

3. Aurrerakinen debekua
Ukorako eskumena erabiltzeko epea amaitu baino lehen edo kontratuari amaiera emateko eskumena daukan bitartean, eskuratzaileak ez dio inolako aurrerakinik ordainduko eskualdatzaileari. Dena dela, alderdiek egokiak iruditzen zaizkien hitzarmen eta baldintza guztiak ezarri ahal izango dituzte, geroratutako prezioaren ordainketa bermatzeko. Nolanahi ere, oso kontuan hartu beharko da debeku horren aurkakoak ez direla eta, uko egiteko eskumena erabiliz gero, eskuratzaileak zuzenean edo zeharka inolako kontraprestaziorik jasoko ez duela. Eskuratzaileak zenbatekoren bat aurreratu badu, bikoiztutako zenbatekoa itzuli beharko diote. Horrez gain, hurrengo hiru hilabeteetan eman ahal izango dio amaiera kontratuari edo oso-osorik betetzeko eskatu ahal izango du.
Eskuratzaileari emandako maileguak indarrik gabe geratuko dira, eskuratzaileak berak kontratuari uko egiten dionean edo kontratua amaitutzat ematen duenean. Maileguetan, gainera, ezin izango da uko egiten duen eskuratzailea zehatzeko edo zigortzeko klausularik ezarri.

ERABILERA TURISTIKOKO ONDASUN HIGIEZINEN TXANDAKAKO USTIAPENA

Erabilera Turistikoko Ondasun Higiezinen Txandakako Ustiapenaren kontratuko gutxieneko edukia.
Hona hemen gutxienez eta idatziz adierazi beharreko guztia:
     
1. Kontratua egin deneko eguna, erregimena arautzen duen eskrituraren datuak eta Jabetza Erregistroko inskripzioaren datuak.
2. Eskualdatutako eskubidearen benetako izaeraren edo izaera pertsonalaren berariazko aipamena. Era berean, erregimena noiz geratuko den indarrik gabe zehaztuko da.
3. Eraikinaren, egoeraren eta eskubidedun bizitokiaren azalpena eta erregistroko datuei zein kontratuaren helburu den txandari buruzko datuen berariazko aipamena, ze egunetan eta ordutan hasi eta amaituko den adierazita.
4. Lana amaituta dagoela edo eraikitzen ari direla adierazi behar da. Eraikitzen ari badira, honako alderdi hauek ere zehaztu beharko dira:
  - Eraikuntza ze fasetan dagoen.
  - Eraikuntza amaitzeko mugaeguna.
  - Lanetarako lizentziaren aipamena eta lizentzia eman duen udalaren izena zein helbidea.
  - Ze fasetan dauden higiezina erabiltzeko beharrezkoak diren zerbitzu bateratuak.
  - Eskuratzaileak emandako helbidea, lanaren amaiera inskribatu egin dela eta erregimenaren iraupena noiztik aurrera hasiko den jakinarazi ahal izateko.
  - Bizitokiaren kalitateei buruzko txostena.
  - Altzarien eta etxeko horniduraren zerrenda xehea eta abalari edo aseguruari begira emandako balioa.
  - Abal edo aseguru horren berariazko aipamena, ze erakundetan eratu den adierazita eta, lana mugaegunean amaituta ez badago, eskuratzaileak betearazi edo erreklamatu ahal izango duela jakinarazita.
5. Eskubidea eskuratutakoan, eskuratzaileak zerbitzu-enpresari edo eskritura arautzailean ondasunen ardura hartu duen jabeari ordaindu beharreko prezioa eta, eskritura arautzailearen arabera, urtero ordaindu beharreko zenbatekoa, nola eguneratuko den adierazita. Eskurapenarekin zerikusia daukaten zergen zenbatekoa eta notarioaren zein erregistroaren ordainsarien zenbatekoa, kontratua eskritura publiko eginez gero eta Jabetza Erregistroan inskribatuz gero.
6. 10., 11. eta 12. artikuluetako testua hitzez hitz agertuko da (ukoa eta amaiera, aurrerakinen debekua eta baldintzen erregimena).
7. Zerbitzu eta instalazio bateratuak eta gozamenerako baldintzak.
8. Ustiapenaldiak trukatzeko zerbitzuetan parte hartzeko aukerarik dagoen ala ez.
9. Sozietateak izanez gero, sozietatearen izena eta Merkataritza Erregistroko inskripzioaren datuak azalduko dira, bai eta honako hau ere:
  - Jabearen edo sustatzailearen helbidea
  - Eskualdatzailearen helbidea
  - Eskuratzailearen helbidea
  - Zerbitzu-enpresaren helbidea
  - Trukearen ardura daukan hirugarrenaren helbidea
10. Erregimenaren iraupena.
11. Eskuratzaileak eskubidea dauka:
  - Higiezinaren titularitatea eta kargak egiaztatzeko. Horretarako, erregistratzaile eskudunari buruzko informazioa eskatuko du, eta haren helbidea eta fax-zenbakia berariaz agertuko dira.
  - Eskritura publikoaren eskuespena eskatzeko.
  - Bere eskurapena Jabetza Erregistroan inskribatzeko.
12. Kontratua gauzatu deneko lekua eta sinadura.

© EKE. Euskadiko Kontsumitzaileen Elkargoa. Federación de Consumidores de Euskadi. Diseinua eta garapena Eclickse Digital