Juan de Ajuriaguerra, 9 - 7°. 48009 Bilbao
Tel. 94 424 92 10
Fax 94 424 64 20
 
berriak boletin etxebizitzei buruzko aholkularitza
  Elkarte kideak
  Zerbitsuak
  Ordezkaritza
  Baliabideak
  Iharduera esparruak
  Kontsulta eta erreklamazioak
  Loturak

Boletin 10. 2006 urteko azaroa
Segurtasun neurri berriak Europako aireportuetan.

Bidaiarientzako informazioa

Lehergai likidoen mehatxuari aurre egiteko, Europar Batasunak (EB) segurtasun neurri berriak hartu ditu. Neurri horien ondorioz, Europako erkidegoko aireportuetako segurtasun kontrolak pasatzean bidaiariek alboan eraman ditzaketen likidoen edo antzeko substantzien kopurua murriztu egin da. Neurri horiek EBko aireportuetatik irteten diren bidaiari guztiei aplikatuko zaizkie, nora doazen kontuan izan gabe.

Hala ere, neurri berri horiek ez dute mugarik jartzen enbarkatzeko txartela erakusten den kontroleko puntutik harago eskuratu daitezkeen likido edo substantzien inguruan edo EBko airelinea batek operatutako hegazkin batean eskuratu daitezkeenen inguruan.

Neurri horiek 2006ko azaroaren 6tik aurrera aplikatzen dira Europar Batasuneko eta Norvegia, Islandia eta Suitzako aireportu guztietan.

ZE ARAU BERRI DAGO?

Ekipajea egiten duzun bitartean

Eskuko ekipajean likido kopuru txikiak baino ezin dira eraman. Likido horiek ontzi txikietan eraman behar dira, eta ontziok, gehienez ere, 100 ml-ko edukiera indibiduala izan behar dute. Bidaiari bakoitzak plastikozko poltsa garden batean sartu behar ditu ontzi horiek. Poltsak autoitxierarako aukera izan behar du eta ezin du litro bat baino gehiagoko edukiera izan (gutxi gorabehera, 20 x 20 cm-koa izango da), segurtasun kontroletan produktu horiek hobeto aztertu ahal izan dezaten.

Bidaiariek bidaia hasi baino lehen eskuratu beharko dituzte poltsa horiek.

Neurri berrien arabera, honakoak hartzen dira likidotzat:

Ura eta beste edari batzuk, zopak, xarabeak
Kremak, lozioak eta olioak, hortzetako pasta barne
Lurrinak
Gelak; esate baterako, dutxarako gelak edo xanpuak
Edukiontzi presurizatuen edukiak, barne hartuta bizarra egiteko bitsa, beste bits batzuk
eta desodoranteak
Aerosolak
Antzeko trinkotasuna duen beste edozein gauza

Aireportuan

Hauxe egin behar duzu:

- Likido guztiak aipatutako poltsaren barruan aurkeztu behar dituzu, eskuko ekipajetik aparte, eta segurtasun kontroletan horretarako egokitutako erretiluan jarri behar duzu, segurtasuneko langileek azter dezaten.

- Jaka edota berokia kendu eta erretiluan jarri behar dituzu. Jantzi horiek banaka aztertu behar dira, zu ere aztertzen zaituzten bitartean.

- Ordenagailu eramangarria edo antzeko neurriko beste edozein gailu elektroniko euren zorroetatik atera eta erretiluan jarri behar dituzu, segurtasun kontroletan aparte azter ditzaten gailua eta zorroa.

ZER EZ DA ALDATU?

Honakoak egin ditzakezu oraindik:

- Baimendutako produktuak eraman ditzakezu (aurreko atalean aipatutako likidoak eta substantziak barne) fakturatzen dituzun maletetan; neurri berriek eskuko ekipajean baino ez dute eraginik.

- Eskuko ekipajean botikak eta umeentzako jakiak eraman ditzakezu, bidaian erabiltzeko. Horretarako, segurtasun kontroletan aparte aurkeztu beharko dituzu, baina ez poltsa gardenaren barruan.

- Likidoak (esate baterako, edariak eta lurrinak) eros ditzakezu, EBko aireportuetako segurtasun kontrola baino haragoko edozein dendatan edo Europako airelinea baten operatutako hegazkin baten barruan.

Produktu horiek poltsa itxietan saltzen badituzte, ez ireki bidaia amaitu arte. EBko beste aireportu batean jarraituko baduzu bidaia, itxitako poltsarik ez ireki Europako erkidegoko azken aireportutik irten arte.

Likido horiek guztiak lehen aipatutako plastikozko poltsako likido kopuruei gehitzen zaizkie.

Edozein zalantza baduzu, mesedez, jar zaitez harremanetan zure aire-konpainiarekin edo bidaia-agente batekin, bidaia egin baino lehen.

GALDERARIK OHIKOENAK

1.- ZE HEGALDI ETA HERRIALDETAN APLIKATZEN DA ARAUDI BERRIA?
Europar Batasuneko edozein aireportutatik irteten diren hegaldi guztietan, helmuga edo konpainia zein den kontuan izan gabe. Era berean, Europar Batasuneko aireporturen batean hegazkinez aldatu behar duten bidaiari guztiei ere aplikatuko zaie.
Europar Batasuna osatzen duten herrialde guztietan aplikatuko da: Alemania, Austria, Belgika, Txekiar Errepublika, Txipre, Danimarka, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Holanda, Hungaria, Irlanda, Italia, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Malta, Polonia, Portugal, Erresuma Batua eta Suedian.
Gainera, herrialde hauetan ere aplikatuko da: Norvegia, Islandia eta Suitzan.

2.- Likidoak eraman ditzaket sotoko ekipajean?
Bai. Aipatutako mugak eskuko ekipajerako dira soilik. Beraz, fakturatutako ekipajean eraman ahal izango duzu dena. Gomendagarria da, ahal den heinean, maleta fakturatzea.

3.- SALBUESPENAK:
Likidoren bat eraman daiteke?
Bidaiariek likidoak eraman ahal izango dituzte eskuko ekipajean, baldin eta 100 ml-ko edukiera baino gehiago ez duten ontzi indibidualetan sartzen badituzte eta, era berean, ontzi horiek litro 1 baino gehiagoko edukiera ez duen plastikozko poltsa garden batean sartzen badituzte. Poltsa horiek, gainera, ireki eta ixteko sistema bat izan behar dute. Eduki horiek modu erosoan sartu beharko dira poltsan, eta poltsa betea oso-osorik itxi ahal izan beharko da.

Botikei ere eragiten die?
Eskuko ekipajean botikak eraman daitezke, bidaian erabiltzeko. Horretarako, segurtasun kontroletan aparte aurkeztu beharko dira, baina ez poltsa gardenaren barruan.
Gomendagarria da, ahal den heinean, bidaiariak alboan eramatea errezeta medikoa.

Umeentzako janariak eskuko ekipajean eraman daitezke?
Eskuko ekipajean umeentzako janariak eraman daitezke, bidaian erabiltzeko. Horretarako, segurtasun kontroletan aparte aurkeztu beharko dira, baina ez poltsa gardenaren barruan.
Segurtasun kontrolean benetakotasun proba bat eskatu ahal izango da.

Gaixotasuna dela eta, hegaldian dieta bereziren bat behar badut, eskuko ekipajean eraman dezaket?
Beharrizan medikoak direla-eta hegaldian bidaiariak elikagai bereziak behar baditu (esate baterako, zeliakoen kasuan), eskuko ekipajean eraman ahal izango ditu.
Gomendagarria da, ahal den heinean, bidaiariak alboan eramatea errezeta medikoa.

4.- Poltsa etxetik ekar dezaket?
Atzerapenak eta bidaiarien kolapsoak saihesteko, poltsa etxetik ekarri behar da prest. Modu horretan, poltsa atera eta erretiluan jarri besterik ez duzu egin beharko.

5.- Zenbat poltsa ekar ditzaket?
Bat, enbarkatzeko txartela duen bidaiari bakoitzeko.

6. Hegazkin aldaketak
Europar Batasuna ez den herrialde batetik banator eta Europar Batasunekoa den herrialde batean aldatu behar badut hegazkinez, likidoak ekar ditzaket nire eskuko ekipajean?
Europako lehenengo aireportura heltzean, eskuko ekipajean eraman nahi dituzun likido guztiak 100 ml baino gehiagokoak ez diren ontzietan joan beharko dira. Eta, era berean, ontzi horiek litro bateko edukiera duen poltsa garden batean joan beharko dira. Salbuetsita daude botikak, umeentzako janariak eta dieta bereziak. Modu horretan aurkezten ez den guztia bertan behera utzi beharko da, aireportuko segurtasun gunean sartu baino lehen.
Aurreko guztia dela eta, gomendagarria da, ahal den heinean, likido guztiak sotoko ekipajean sartzea eta fakturatzea.

7.- Arauak aipatzen dituen antzeko trinkotasuneko gauzen adibideak

Baimendu gabeakBaimenduak
Makillaje likidoaEzpainetako margoa
KremakGazta solidoa
GurinaMakillajea hautsean
BaselinaKoloretea
Maskara likidoa (Rimmela)Talko-hautsak
Aerosolak / Roll-on desodoranteak 
Gela, xanpua 
Bustitzeko gazta 

8.- Aireportuko taberna, jatetxe eta makinetan likidoak eros ditzaket, hegazkinean kontsumitzeko?
Bereiztu egin behar da, likidoak segurtasun kontrolaren aurretik edo ostean erosiko ote diren.
Segurtasun kontrolaren aurretik: Saltoki horietan erositako likidoak ezin izango dira segurtasun kontroletik pasatu eta lehenago kontsumitu beharko dira.
Segurtasun kontrolaren ostean: Saltoki horietan erositako likidoak hegazkinera eraman ahal izango dira, baina hegaldian kontsumitu beharko dira.

9.- Kutxan bildutako likido edo gelen bat erosten badut, kutxa hori erretiratu behar dut?
Ez. Kutxa dagoen bezala gorde behar duzu.

10.- Hegazkinez aldatu behar dut Espainiako aireportu batean, baina Europar Batasunekoa ez den herrialde batetik nator. Zer gertatzen da kasu honetan, jatorrizko herrialdean likido edo gelen bat erosi badut?
Europar Batasuneko segurtasun kontroletan ez da onartuko EBkoak ez diren herrialdeetan erositako eta eskuko ekipajean sartutako produktu likidorik edo gelik. Produktu horiek sotoko ekipajean fakturatu beharko dira, jatorrizko aireportuan.

11.- Badago kopuru-mugarik segurtasun kontrola baino haragoko dendetan erositako produktu likidoetan edo geletan?
Ez, ez dago mugarik erosketa horietan.

12.- Zer gertatzen da Europar Batasunekoa ez den aireporturen batean hegazkinez aldatzen badut eta produktu likidoren bat edo gelen bat erosi badut EBko aireportu batean, segurtasun kontrola pasatu eta gero?
Kasu horretan, ez da aparteko segurtasun neurririk hartu beharko.

Iturria: AENA

© EKE. Euskadiko Kontsumitzaileen Elkargoa. Federación de Consumidores de Euskadi. Diseinua eta garapena Eclickse Digital