|
Boletin 10. 2006 urteko azaroa
Planetari eutsiz
Agenda 21 delakoak ingurumena mantentzeko tokiko ildoak zehazten ditu, energia alternatiboen kontsumo eta erabilera arduratsuaren bitartez
Planetaren biziraupena politikoen agendan dago, baina ez soilik euren eskuetan. Baliabide naturalak mantentzea denon lana da. Agenda 21 programak (Euskadiko 200 udalek baino gehiagok jarraitzen duten Nazio Batuen iraunkortasun programa) markatzen du egin beharreko bidea, bioaniztasunaren, kontsumo arduratsuaren eta energia berriztagarrien alde eginez.
14 urte joan dira 1992an Rio de Janeiron egindako Lurraren Gailurrean Agenda 21 terminoa hartu zenetik. Gure planetaren biziraupena bermatzeko munduko planik handiena da. NBEren programa hori ez da asmo hutsetan geratzen, eta, bete egingo dela bermatzeko, udalen esku uzten du tokiko Agenda 21 egitea.
Euskadin, 200 udal baino gehiago ari dira parte hartzen Udalsarea 21 Iraunkortasunaren aldeko Euskadiko Udalen Sarean. Sare hau Eskolako Agenda 21 delakoarekin osatzen da. Azken programa horrek, udalekin batera, ingurumenari eta irizpide iraunkorrei buruzko heziketa darama hezkuntza zentroetara.
Pentsatu globalki eta jardun lokalki leloak laburbiltzen du ekimen honen espiritua. Agenda 21 programak 40 atal ditu, eta bost puntutan laburbildu daitezke: kontsumo iraunkorra; ur, lur eta airearen kontserbazioa; lurraldearen oreka, bioaniztasuna eta hondakinen murrizketa.
Berotegi-efektua
Euskadik ez ditu behar bezala betetzen programa global honen helburuak, duen produkzio industrial handiagatik eta errepideetako trafikoagatik, horiek baitira bertako kutsadura-faktore nagusiak.
Erregai fosilak (gasolina, petrolioa eta ikatza) dira gas-isurketen arduradun nagusiak. Izan ere, erretzerakoan, karbono dioxidoa isurtzen dute atmosferara, eta horrexek sortzen du berotegi efektu arriskutsua. 1990etik, Euskadiko Co2 isurketak Espainian eta Europar Batasunean baino %28 gehiago hazi dira.
Gainera, hori baino betebehar gehiago ditugu Agenda 21 programan: jarraitzen dugu gehiegi kontsumitzen eta ekosistema kargatzen, errepidekoa ez den garraioa sustatzeko estrategia serioa falta da eta ez da behar beste aurrera egin hondakinen murrizketan.
Euskadin, trafikoak eta kontsumo energetikoak haziz jarraitzen dute, eta horrek urrundu egiten gaitu garapen iraunkorretik. Hori lortzeko, “produkzio eta kontsumo ereduen aldaketa zorrotzak” behar dira, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren arabera.
Hondakinen murrizketa
Berotegi efektuari aurre egiteko, hondakin fosilak murriztea egundoko erronka da. Gure energia-iturriak modu eraginkorragoan produzitu eta erabili behar ditugu, ingurumena hobeto kontserbatzeko.
Gauza bera gertatzen da elektrizitatearekin. Berez, ez du kutsatzen, baina energia elektrikoa lortzeko erabiltzen diren formek, berriz, bai. Elektrizitate gehiena zentral termikoetatik dator (zentral termikoek berokuntza globala eta euri azidoa sortzen dute), bai eta zentral nuklearretatik ere (oso kutsakorrak diren eta milioika urteko toxikotasuna duten hondakin erradioaktiboak sortzen dituzte). Gasa, aldiz, ez da hain kutsagarria.
Zientzialari eta ikertzaileek energia alternatiboak bilatzen dituzten eta hondakin arriskutsu horiek desagerrarazteko teknikak ikertzen dituzten bitartean, energia aurreztu eta kontsumo iraunkorraren trena hartu behar da.
Gomendioetako batzuk oso sinpleak dira: gure etxeetako hondakinak birziklatzea, garraio publikoa erabiltzea, autoan gasolina aurreztea (behar ez denean ez azeleratuz), aire egokitua neurriz erabiltzea, ez bidaiatzea leihatilak zabalik daudela, edo etxeko hormak silikatozko pinturekin margotzea (pintura plastikoekin margotu beharrean, askoz ere kutsagarriagoak baitira). Petrolioaren eratorri guztiak kutsagarriak dira.
Energia garbiak
Kontsumo arduratsuko praktika horiekin batera, energia alternatiboek esperantza-izpi bat ematen dute ingurumenaren arazoan. Energia tradizionalen aurrean, energia berriztagarriak tresna garbia dira eta, horien bitartez, berogailua, ur beroa eta aire egokitua lortzen ditugu, natura errespetatuz.
Energia berriztagarri horiek, gainera, ohikoak baino merkeagoak dira, eta abantaila handi bat dute: ez dira agortzen. Ezagunenak eguzki energia termikoa eta energia fotovoltaikoa dira.
Eguzkia energia-igorlerik nagusiena da. Eguzki energiaren erabilera epe ertainean da errentagarria, eta instalazioa denbora laburrean amortizatzen da. Energia fotovoltaikoak eguzki panelak erabiltzen ditu eraikinak elektrifikatzeko, ura ponpatzeko, seinaleak argitzeko edo argiztapenak jartzeko. Aldiz, eguzki energia termikoa ur beroa eta berokuntza sortzeko erabiltzen da.
Energia eolikoa (haizearen indarra aprobetxatzen du elektrizitatea sortzeko) eta geotermikoa (lurraren barruan sortzen dena) erregai fosil kutsagarriak ordezteko dauden beste alternatiba bi dira, baina, oraindik, eguzki energia eta energia eolikoa munduko energia produkzioaren %2 baino ez dira.
Gaur egungo erregaiak ordezteko, hidrogeno bidez ibiliko diren ibilgailuen prototipoak ari dira garatzen. Etorkizun handiko erregai-pila bat izango dute, eta ihes-hoditik ur-lurrina baino ez da irtengo. Badaude auto mota horien prototipoak.
Biomasaren erabilera (energia-iturri gisa) beste aukera bat da, bai eta hondakindegietatik eta abereen hondakinetatik lortutako metano gasa, azukrearen alkohol hartzitua edo sojatik ateratako olio erregaiak ere, besteak beste.
Planetaren baliabide naturalak ahalik eta gehien ustiatzeak prezioa dauka. Baliabideak agortu egiten dira, eta planetak ezin du gure kontsumo-erritmoa jasan; ohitura sozial eta praktika industrial batzuek gure ingurunea mehatxatzen dute. Horrelakorik ez gertatzea denon esku dago.
|