Juan de Ajuriaguerra, 9 - 7°. 48009 Bilbao
Tel. 94 424 92 10
Fax 94 424 64 20
 
berriak boletin etxebizitzei buruzko aholkularitza
  Elkarte kideak
  Zerbitsuak
  Ordezkaritza
  Baliabideak
  Iharduera esparruak
  Kontsulta eta erreklamazioak
  Loturak

Boletin 10. 2006 urteko azaroa
Zarataz inguratuta (Kutsadura akustikoa)

Trafikoak sortzen du kutsadura akustikoaren %80, eta horrek ondorio kaltegarriak ditu gure osasunean

Zaratak gero eta buruko min eta molestia gehiago sortzen ditu. Trafikoaren hazkundea, etxebizitzen eraikuntza etengabea eta jarduera industriala dira kutsadura akustikoaren arrazoi nagusiak. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, gomendatutako zarataren muga 65 dezibeliokoa da, baina, Euskadin, errealitatea askoz ere zaratatsuagoa da. Gauzak horrela, gero eta elkarte eta ekimen gehiago ari dira sortzen eraso akustiko horien aurka borroka egiteko.

Zarataren gaian errudun bat aipatu behar bada, errudun horrek gurpilak ditu. Ibilgailuen trafikoa kutsadura akustikoaren lehenengo faktorea da, eta ondoren dator jarduera industriala, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak egindako Zaraten Maparen arabera. Auto, kamioi eta motorrek Euskadiko zarataren %80 sortzen dute.

Gainera, Euskadiko ehun bat udalerritan, egunero sufritzen dute trafikoaren zarataren kutsadura, baimendutako gehienezko zarata gaindituz. Bertako herritarrek 70 dezibeliotik gorako mailak jasan behar izaten dituzte, trafiko askoko errepideen ondoan egoteagatik. Arazo hori konpontzeko, trafikoaren zarata murriztuko luketen 70 panel akustiko instalatu beharko lirateke, beste hainbeste leku zaratatsutan.

Legeak

Autonomia Erkidego bakoitzak bere legedia dauka arlo honetan. Euskadiren kasuan, kutsadura akustikoari buruzko zenbait lege daude: Ingurumena Babesteko 3/1988 Lege Orokorra, jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei aplikatu beharreko arau teknikoei buruzko 171/1985 Dekretua, eta ostalaritzako establezimenduen itxierari buruzko Dekretua.

Zarataren kontra ari diren elkarte gehienen arabera, legedia sakabanatua eta ez-nahikoa da oraindik, eta, kasu askotan, bete ere ez da egiten, arazo horri aurre egiteko administrazioen azterketa eta ekintza nahikorik ez dagoelako.

Eusko Jaurlaritzaz gain, udalek eskumena dute kutsadura akustikoaren kontrako arau propioak garatzeko eta zaraten mapa propioa egiteko, dezibelio larregiko puntuak aurkitzeko.

Zenbait udalek neurriak hartu dituzte jada, bertako bizilagunei zarata gogaikarriak saihesteko. Hala egin dute, esate baterako, kaleko edanaren gaiarekin. Izan ere, horrek gehiegizko zarata sortzen du gauez, eta gazteen kaleko topalekuetatik hurbil bizi diren auzokideentzat molestia handia da, beste zenbait molestiaren artean.

Hori da Bilbon gertatzen dena: bertan, kutsadura akustikoagatiko salaketek gora egin dute, urtean 375 salaketa jasotzeraino. Hain zuzen ere, Bilboko kaleetan orain dela gutxi debekatu da kaleko edana, kaltetutako bizilagun ugarien pozerako.

Baina zarata ez dugu soilik kaleetan pairatzen. Euskaldunen herena kexatu egiten da euren etxebizitzetara kanpoko zarata asko sartzen delako. Batez ere, Euskadiko hiriburuetan gertatzen da hori. Bilbotarren %38, donostiarren %30,5 eta gasteiztarren %28,9 kexatu egiten da etxean jasan behar izaten duten gehiegizko zarata dela eta.

Izan ere, etxebizitza ugaritan ikaragarrizko zarata pairatzen da. Eta hori, trafikoagatik, hurbileko taberna eta jatetxeengatik, inguruko zaratengatik eta igogailuaren motorra leku desegokian egoteagatik.

Dezibelio gehiegi

45 dezibelioetatik behera, zarata ez da gogaikarria. 55 eta 65 dezibelio artean, deserosotasun akustikoa dago. Kutsadura akustikoa eta osasunarentzako kalteak 65 dezibelioetatik gora agertzen dira. Maila hori aise gainditzen dute egunero entzuten ditugun soinu askok.

Ibilgailuen trafikoak 85 dezibelioko zarata sortzen du, auto baten klaxonak 90ekoa, autobus baten bozinak 100ekoa, isilgailurik gabeko motozikleta batek 115ekoa, eta hiri gainetik pasatzen den hegazkin batek 130ekoa.

Aireportu batetik hurbil bizi denak aukera gutxi ditu. Leiho intsonorizatuak instala ditzake edo, azken muturrera helduta, etxebizitzaz alda daiteke. Izan ere, aireportu baten kokapena aldatzea ez dago bizilagunen esku.

Baina, jarrera batzuekin, zarata handiegiak saihestu ditzakegu: esate baterako, autoaren klaxona ez joz eta bizilagun, taberna edo bestelakoek sortutako gehiegizko zarata salatuz.

Osasun kontua

Egunero zarata larregi pairatzeak kalte handia egiten dio gure osasunari. Kutsadura akustikoak gaixotasun kardiobaskularra, gorreria, ondoeza, estresa, loaren gorabeherak, komunikazio eta elkarbizitzarako zailtasunak, jokaera oldarkorrak… sortzen ditu. Zerrenda nahikoa luzea da, eta gai hau serio hartu behar da.

Hori dela eta, gero eta elkarte gehiagok egiten dio aurre zaratari. Horietako bat Adecavi da: Ekologistak Martxan elkartearen barruan sortu zen, eta Euskadiko herri eta hirietako kutsadura akustikoaren aurka egiten du lan. Elkarteak telefono bidezko doako aholkularitza zerbitzua eskaintzen du, soinu erasoei aurre egiteko.

Interneten ere, zarataren kontra lan egiteko informazioa lor daiteke. Esate baterako, Zarataren Aurkako Elkarteen Estatuko Federazioaren web orrian (www.ruidos.org) eta Zarataren Aurkako Juristen Elkartearen atarian (www.juristas-ruidos.org).

Ez dago zertan soinu erasoak jasan behar, eta elkarteek zarata salatzera animatzen gaituzte. Hurbileko taberna baten aurka egiteko, udaltzaingoarengana joan daiteke. Zarata neurtuko dute eta, baimendutako muga gainditzen bada, zigor-txosten bati hasiera emango diote. Baina kutsadura akustikoaren kasuak udalean, Arartekoaren aurrean edo Ingurumenaren Fiskaltzan ere sala daitezke.

© EKE. Euskadiko Kontsumitzaileen Elkargoa. Federación de Consumidores de Euskadi. Diseinua eta garapena Eclickse Digital