|
Boletin 10. 2006 urteko azaroa
Afinsa - Forum judizioko-prozesua
AFINSAren KONTRATUAK AURREZKI-KONTRATUAK ZIREN ETA DIRA
Sektore desberdinetatik (bakoitzak bere interesak ditu), Forum eta Afinsaren jardunak “merkataritzako salerosketa” izaera duela aipatu da. Iruzurraren arduradun zuzenek (Forum eta Afinsako zuzendari ohiek), Gobernuak (Kontsumo Ministerioaren bitartez) eta oposizioak diote kaltetuek ez zituztela aurrezkiak inbertitu, ezpada zigiluak erosi zituztela. Hori, gezur hutsa izateaz gain, kaltetuen interesentzat arriskutsua da. Ze bitxia, gainera, hain interes desberdineko jendeak bat egitea gai honen inguruan. ADICAE elkarteak 2002tik esan duenez (eta Ogasunak, Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak, zigor eta merkataritza arloko epaileek, Diputatuen Kongresuko eztabaidetako zenbait kidek, Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalaren presidenteak berak eta finantzei buruzko aditu gehienek babestu izan dutenez), jardun hori aurrezki publikoan oinarritzen zen, eta, beraz, horrela arautu behar izan zen edo, bestela, iruzurra izanik, horrela eman behar zitzaion amaiera auziari. Kaltetuen dirua defendatzeko modu bakarra sinatzen zuten kontratuaren izaera finantzarioa da.
ARAUDI DESEGOKIA. KONTROLAREN ETA IKUSKAPENAREN DEFIZITA.
Estatuaren akatsik larriena sektore honentzako araudi bat ezartzea izan zen. Izan ere, ondo aztertuz gero, iruzurra zen hasiera-hasieratik. 2003an, ADICAE elkarteak egindako salaketen ostean, berandu, presaka eta parlamentuko eztabaidarik gabe, ontzat eman zen Laugarren Xedapen Gehigarria, zeinak jardun honen aurrezki finantzarioaren izaera modu arbitrarioan ukatzen baitzuen. Horren ondorioa da ez zela legez ezarri enpresa horien kontabilitatea eta arlo finantzarioa kontrolatzeko mekanismorik eta gainbegiratzeko ere ez zitzaiela eskatu horretarako eskumena eta gaitasuna duten organismoei: Balore Merkatuen Batzorde Nazionalari, Espainiako Bankuari eta Aseguruen Zuzendaritza Nagusiari, alegia.
Erakunde hauen eta kontabilitatea zein aipatzen ari garen jarduna ikuskatzeko gaitasuna duen beste edozein erakunderen lanak berehala aurkituko zukeen iruzurra, eta ikusten ari garen neurri sozialeko hondamendia saihestuko zatekeen. Izan ere, ez da ahaztu behar katean gero eta bezero gehiago ari zirela sartzen, eta horrexek eusten ziola iruzurrari.
OGASUN SAILAK UKO EGIN BEHAR DIE BERE PRIBILEGIOEI ETA BIKTIMEKIN ZUZEN JOKATU BEHAR DU
Zerga Agentziek (Gizarte Segurantzak eta aldeko hipotekak dituzten banku erakundeek bezala) lehiaketa prozeduran lehentasunezko kobrantza-eskubidea dute, kaltetutako aurreztaileen aurretik. EKE-ADICAE plataformak uste du, eta hala eskatuko du, Zerga Agentziak uko egin behar diola lehentasunezko kobrantzarako pribilegio horri. Badago horretarako oinarri legala, eta talde juridikoak lanean ari dira jada. Jendearen artetik aurrezkia lortzen zuten erakunde batzuei eragiten dien lehiaketa prozeduran, ezin da horrelako pribilegiorik egon, horrek gehiago baztertuko bailituzke kaltetuak. Ogasun Sailarekin kaltetutakoen eta Forum eta Afinsaren zerga-obligazioei buruzko eztabaida kontu legala da, eta espero dugu zuzentasunez argituko dela zigor eta konkurtso arloko epaitegietan, kaltetutako bezeroen artean banatu beharreko ondarearen alde.
KONKURTSO PROZEDURA ABIAN
Afinsaren administrazio judiziala gutunak bidaltzen ari da kaltetuei, konpainia horren artxibo informatikoetan agertzen den zorrari buruzko informazioa emanez. Kredituen berri administratzaileei modu formalean emateko epea azaroaren 16an amaitzen da.
Administratzaileen gutunean eskatzen den dokumentazio originalaren eskaera saihestu egin daiteke, formula hau jarriz: “dokumentazio originalari dagokionez, konkurtso-administrazioaren esku dauden Afinsaren artxiboak izendatzen ditut”.
|