Juan de Ajuriaguerra, 9 - 7°. 48009 Bilbao
Tel. 94 424 92 10
Fax 94 424 64 20
 
berriak boletin etxebizitzei buruzko aholkularitza
  Elkarte kideak
  Zerbitsuak
  Ordezkaritza
  Baliabideak
  Iharduera esparruak
  Kontsulta eta erreklamazioak
  Loturak

Boletin 11. 2006 urteko abendua
Salmenta merkealdietan

Salmenta bereziei buruzko indarreko araudiak zehazten duenez, merkealdiak urtean bi aldiz bakarrik antola daitezke; lehena urtearen hasieran, eta bigarrena udako oporren inguruan, uztailean gutxi gorabehera. Finkatutako bi denboraldi horien barruan, autonomia erkidego bakoitzak erabakitzen ditu merkealdien hasiera eta bukaerako datak. Nolanahi ere, merkealdiek gutxienez aste bat eta gehienez bi hilabete iraun dezakete.

Merkealdiak denda txikiek zein handiek egiten dituzten salmentak dira, eta xedea da denboraldia amaituta establezimenduan saldu gabe geratu diren gaien erosketa bultzatzea. Beraz, prezioa beheratu zaien produktuek dendaren ohiko eskaintzako zati izan behar dute gutxienez hilabetez, eta ezin dira merkealdietarako berariaz salgai jarri. Ohiko prezioarekin batera, dendariak beheratutako zenbatekoa edo ehunekoa adierazi behar du salgaiaren etiketan. Salgaien kalitateari dagokionez, prezioa beheratu aurretik zuten kalitate berbera eduki behar dute.

Kontsumitzaileak gero eta informatuago daude merkealdietan dituzten eskubideei buruz. Hala ere, alderdi batzuk gogoratuko ditugu:

  • Itzulketak: erosketa egin aurretik, establezimenduak itzulketak onartzen dituen argitu behar da, dela eskudirutan, dela baleen bidez edo salgaia beste batekin trukatuz. Hasiera batean, establezimenduak ez du itzulketak onartzeko betebeharrik, salgaia akastuna ez bada. Kasu horretan, kontsumitzaileak aldatu egin beharko du salgaia, merkealdietan zein haietatik kanpo. Dendak ez daude, beraz, itzulketak egitera behartuta; hala ere, gehienek onartu egiten dituzte. Hortaz, saltoki batek urte osoan zehar itzulketak onartzen baditu, merkealdietan ere onartu egin beharko ditu, ongi ikusten den toki batean kontrakoa berariaz adierazi ezean.

    Salgai bat merkealdietatik kanpo erosi eta haiek hasterakoan itzuliz gero, erosi zen unean zeukan prezioa ordaindu beharko da, eta ez beheratutakoa. Izan ere, establezimenduak prezioen arteko diferentzia berarentzat hartuko balu, legez kanpokoa den irabazi bat lortuko luke. Gauza bera gertatuko litzateke kontrako kasuan.

    Nolanahi ere, eskudiruzko itzulketak onartzen badira, fakturan edo erosketa tiketean azaltzen den zenbatekoa itzuli beharko da. Beraz, ezinbestekoa da erosketaren egiaztagiria eskatzea erreklamazioren bat egin behar denerako. Faktura da salgaiaren erosketa egiaztatzen duen agiri nagusia.

  • Ordainketa moduak: ordainketa modu ohikoenak eskudiruzkoak edo txartel bidezkoak dira. Dendariak urte osoan zehar txartelarekin ordaintzea onartzen badu, merkealdietan ere ordainketa modu hori onartu beharko du. Alabaina, denda batzuek nahiago izaten dute eskudiruzko ordainketa, banketxe eta kutxei komisiorik ordaindu behar ez izateko. Merkealdietan txartelik onartzen ez badute, erraz ikusteko moduan adierazi beharko dute baldintza hori.

  • Bermea: ondasun iraunkorrek normalean bermea izaten dute, eta berme hori ezin da kendu salgaiari prezioa beheratu zaiolako aitzakiaz. Horregatik, salgaiak funtzionamenduzko edo bestelako akatsen bat badu, kontsumitzaileak bermea exijitzeko eskubidea du.

  • Publizitate foileto bateko salgairen bat erosteko asmoa edukiz gero, foiletoa gordetzea komeni da badaezpada, salgaia erosterakoan prezioa desberdina izan litekeelako edo bestelako arazoak sor daitezkeelako. Dendarien publizitate promesek kontratu izaera dute, eta kontsumitzaileak haiek betetzea exijitzeko eskubidea du.

  • Prezioa beheratuta izate hutsagatik ez da kalitate txikiagoko salgairik edo salgai akastunik onartu behar.

Edonola ere, erosketak egiterakoan edo erreklamatzerakoan kontsumitzaileak irregulartasunen bat antzemanez gero, bere eskubideak defenda ditzake erreklamazio orria eskatuz.

© EKE. Euskadiko Kontsumitzaileen Elkargoa. Federación de Consumidores de Euskadi. Diseinua eta garapena Eclickse Digital