|
Boletin 12. 2007 urteko uztaila
Bilbao: mahaitxoak eta terrazak bide publikoan
Eguraldi ona heltzean, hiriko kale eta plazetan, ostalaritzako lokalen titularrek jarritako
terrazak agertzen hasten dira han eta hemen; beraien enpresa-jardueraren luzapen legez ageri dira,
eta elementu hauei esker, hiriaz goza daiteke edo, beste barik, une atsegina igaro lagunekin solasean,
zerbait kontsumitzen den bitartean. Hala ere, eztabaidak eta kexak ere eragiten dituzte hiritarren artean,
kasu gehienetan elementuok jartzeko izaten den modu kaotikoa dela eta bereziki.
Aipatutako terrazen instalazioa arautzen duen Udal Ordenantza bat dago. Terrazak jartzeko,
baldintza tekniko batzuk bete behar dira, hala nola, bideen zabalera, gutxieneko distantziak hormatik,
aparkatutako ibilgailuetatik jendea irteteko behar den distantzia, bai eta aipatutako terrazak behar
den moduan instalatzea bermatu beharko lukeen publizitatea debekatzen duten irizpide estetikoak ere.
Zoritxarrez, araudia dagoela egia den arren, ez da gehiegi betetzen, izan ere, terrazetako askok,
hiritarrek aurkeztutako kexen ondorioz Elkartetik egin den azterketa batek egiaztatu duenez,
behin eta berriro urratzen dituzte ordenantzak hizpide dituen artikuluetan jasotako edukiak.
Mahaiak eta aulkiak establezimenduaren hormaren ondoan pilatzen dira, eta, batzuetan, zoruan jarritako
ainguraleku finkoekin, lapurretak saihesteko. Hori arriskutsua da itsuentzat edo minusbaliotasunen
bat duten pertsonentzat, oztopo horiek gainditu behar izaten baitituzte nahitaez.
Gutxieneko distantziak betetzen ez dituzten espaloietan terrazak jartzen dira oraindik ere; zenbaitetan,
aparkatutako ibilgailuetako erabiltzaileek ezin izaten dute autotik irten, ezin dituztelako ireki ateak;
gainera, ez dago eremua mugatzen duen eta itsuei oztopoa identifikatzen laguntzen dien alboko babesik
(7. artikulua), eta itxiera-ordutegiari, publizitateari... erreferentzia egiten dioten beste batzuk.
Bizkaiko Kontsumitzaileen Elkartetik, uste dugu terrazak aisialdi eta negoziorako elementu
garrantzitsua direla eta hiriari zerbitzu ematen diotela, baina, hain zuzen ere horrexegatik,
Udala, Hirigintza eta Ingurumen sailetik, zorrotzagoa izan behar da ordenantza betearazten.
Horretarako, ikuskapenak bultzatu behar ditu, hiriaren irudiaren kontra doazen eta bizikidetza
zailtzen duten elementuen instalazioa saihesteko, izan ere, elementu horiek arrisku egoerak sortzen
dituzte hiritarrentzat eta, bereziki, dituzten ezaugarriengatik mugitzeko zailtasunak dituzten taldeentzat.
Gaur egun bizi dugun permitibitate edo utzikeria egoerak ez dio inori mesede egiten;
bidegabekeria da hiritarrentzat eta ordenantza betetzeko ahalegina egiten duten profesionalentzat.
BIZKAIKO KONTSUMITZAILEEN ELKARTEA - ASOCIACIÓN VIZCAINA DE CONSUMIDORES B.K.E.
|