|
Boletin 13. 2007 urteko abendua
2006ko Gabonetako Gastuak
Gabonak iristen direnean, kontsumitzaileak urtearen gainerakoan aurrekaririk ez duen dinamika kontsumista batean murgiltzen gara. Gure ohiko sen ona eta erantzukizuna alde batera utziz, modu zentzugabean kontsumitzen hasten gara, erosketa gehiago eginez eta diru gehiago xahutuz. Egoera horren erantzulea ez da kontsumitzaileen heldutasun falta, Gabonak ospatzeko ohituretan gertatu diren aldaketak baizik. Ospakizun erabat familiarrak izatetik, kontsumismoaren adierazpenik gorenena izatera pasatu dira Gabonak.
Horrekin zerikusi handia du publizitatearen fenomeno indartsu eta oldarkorrak. Publizitateak eragin izugarria du kontsumitzaileengan; mota guztietako formatuak erabiliz, borondate irmoenak limurtzen eta ezerezten ditu. Horren ondorioz, Gabonetan biztanleko diru gehien gastatzen duten EBko herrialdeetako bat izatera pasatu gara, errenta maila handiagoak dituzten beste herrialde batzuk nabarmen gaindituz.
Euskadiko Kontsumitzaileen Elkargoarekin (EKE) lankidetzan egindako ikerketa baten arabera, aurtengo Gabonetan aurrekoetan baino diru gehiago gastatuko dugu. Horren arrazoiak zera dira: erosketa saskiaren garestitzea, Gabonetako produktuen prezioen gorakada, eta arropetan, oinetakoetan eta aisian izandako igoera (sektore horietan kontzentratzen da Gabonetako gastu handiena).
Aurten, Euskal Herriko familiek 1.000 € xahutuko dituzte batez beste, joan zen urtean baino %6 gehiago. Zenbateko deigarria da oso, kontuan izanik familiak inoiz baino zorpetuago daudela eta interes tasen igoerek egoera hori are gehiago okertuko dutela.
GASTUAREN BANAKETA
-
Janaria eta edaria: Janarian eta edarian 400 € inguru gastatuko ditugu.
Arrainak eta itsaskiak: Aurrekontuko zati handienetako bat arlo honetara zuzenduko dugu; hain zuzen ere, izar-produktuen prezioak asko igotzen dira Gabonetan, bisiguarena, muxilena eta itsaski freskoena kasu.
Arrain eta itsaskietan 150 € gastatuko ditugu batez beste; aurrekontua murrizteko era bat beste arrain mota batzuk aukeratzea da; izokinak, esaterako, 9 € inguru balio du, bisigua 40 € kostatzera iris daitekeen bitartean.
Haragiak: Haragiaren prezioak nahiko egonkor mantendu ohi dira. Aurten, batez beste 100 € gastatuko ditugu. Izar-produktuetako batzuk azpizuna eta esneko arkumea dira.
Hestebeteak eta pateak: 45 € inguru gastatuko ditugu.
Edariak: Cava eta ardoak: 45 €
Turroiak eta gozokiak: 60 €
Aurtengo erosketa saskia joan zen urtean baino %8 garestiago irtengo zaigu. Horregatik, jendea lehengai merkeagoak bilatzen saiatuko da Eguberri eta Gabon Zahar eguneko afariak prestatzeko.
-
Opariak eta jostailuak: gastua joan zen urtekoaren antzekoa izango da, 260 € euro ingurukoa.
Osagai elektronikodun jostailu gero eta gehiago erosten direnez, gastua igo egingo dela aurreikusten da.
-
Loteria: loterian 120 € inguru gastatuko ditugu. Arlo honetan ezinbestekoa da aurrekontu bat zehaztea, bestela poltsikoak partaidetzaz gainezka amaitu dezakegu.
-
Aisia eta ospakizunak: 120 €
Azkenaldian, gero eta jende gehiago joaten da kanpora (elurretara, etab.) urtearen amaiera ospatzeko. Horrelako bidaiaren bat aukeratuz gero, gure gastuak nabarmen igo daitezke.
Zurrunbilo kontsumista honen hatzaparretan ez erortzeko, Euskadiko Kontsumitzaileen Elkargoak gomendio hauek ematen ditu:
GOMENDIOAK:
Aurrerapena eta aurreikuspena dira gastuen eta prezioen gorakadari aurre egiteko armarik eraginkorrenak. Supermerkatuetara eta jostailu dendetara aurrerapen handiz joanez gero, diru asko aurreztu dezakegu, batez ere eskaintza bereziak aprobetxatzen baditugu.
Ezinbestekoa da aurrekontu neurritsu bat zehaztea, merkatuak eskaintzen digun aukera zabala kontuan hartuz eta ezagunagoak izate hutsagatik garestiagoak diren produktuak saihestuz. Bazkari eta afariei dagokienez, plater tradizionalen aurrean alternatibak bilatzea komeni da, merkatuak eskaintzen duen aukeraren barruan produktu orekatuak eta elikagarriak aukeratuz.
-
Erosketak aldez aurretik egin; izan ere, azken egunetako presa dela-eta, erosketak ez ditugu arrazoizko moduan egiten, eta, gainera, prezioak asko igotzen dira.
-
Bidezko merkataritzako dendak, onura sozialak ekartzeaz gain, opari bat egiteko alternatiba ezin hobea izan daitezke.
-
Begiratu ondo erosketa tiketei, iraungipen datan arreta berezia jarriz.
-
Ondasun iraunkorrak erosten direnean, gorde ordainagiria eta behar bezala zigilatutako bermea.
-
Arau orokor gisa, erosketak Eusko Jaurlaritzaren arbitraje sistemari atxikita dauden establezimenduetan egin.
|