|
Boletin 13. 2007 urteko abendua
EKE Eusko Legebiltzarrean
Duela gutxi, Eusko Legebiltzarreko Nekazaritza Batzordeak Euskadiko Kontsumitzaileen Elkargoa gonbidatu du Batzorde horren aurrean hitz egitera, bere ekarpenak egin ditzan, Eusko Legebiltzarrean egiten ari diren Nekazaritzako Elikagaien Industriari buruzko hitzaldiari dagokionez.
Kontsumitzaileen bizi-kalitateari dagokionez garrantzi handiko gaia denez, Euskadiko Kontsumitzaileen Elkargotik pozez jaso dugu gonbidapen hori, gauza berritzailea baita kolektibo zibilen iritzia eskatzea, kolektibo horiei zuzenean eragiten dieten arau eta Legeak egiteko.
EKEren partaidetzaren oinarrizko puntuak ondoren adierazitakoak dira.
OINARRIZKO ELIKAGAIEN PREZIOEN GORAKADAREN AURREKO ZALANTZAK
Azken hilabeteotan, oinarrizko zenbait elikagairen (ogia, esnea eta esnekiak, oilaskoa edo arrautzak, besteak beste) prezioak igo egin dira. Igoera horiek, une honetan, %20ra ere heltzen dira kasu batzuetan. Gainera, ez datoz bat produktu horiek jatorriz duten prezioarekin; hau da: nekazari eta abeltzainak ez dira dendetan ikusten diren prezioen arduradunak, eta, beraz, ez dute aparteko etekinik ateratzen. Horrek argi uzten du egoera honek sortzen duen etekina bitartekarien eta banaketa-kateen artean banatzen dela.
3.- DIAGNOSTIKOA
Hazkundea eman da produkzio kostuetan, batez ere enpresa produktoreen kontzentrazioagatik. Une honetan, bi enpresa produktore handienek (Monsanto eta Dupont) oligopolio eran funtzionatzen dute, produkzioa kontrolatuz, eta, ondorioz, hazi eta ongarrien prezioak ere kontrolatuz.
Europar Batasunak diru-laguntza eta kupoen arloan dituen politika desegokien ondorioz, albo batean utzi dira milioika labore-hektarea, eta merkatu batzuk (okelarena eta esnearena, adibidez) berregituratu egin dira. Modu horretan, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailaren datuen arabera, Euskadin, ustiategiak murriztu egin dira, 15 urtean 4.000tik 623ra pasatuz.
Ondorioz, eskaria eskaintza baino askoz ere handiagoa da; produkzio propioak ozta-ozta asetzen du eskariaren %3, eta, horrela, elikagaiak modu masiboan inportatzen hasi dira. Azken urteotan, inportazio horiek Europa ekialdetik datoz, eta horrek, elikagaien segurtasunari dagokionez, EAEko produktuek baino berme gutxiago ematen du.
Gainera, beste faktore batzuk ere badaude; esate baterako, India eta Txinaren eskari handia (giza zein animalien kontsumorako) eta hauts-esnearen produkzio baxua (munduko lehenengo esportatzailea den Zeelanda Berriko lehortearen ondorioz). Zalantzarik gabe, horrek tentsioak sortzen ditu prezioetan.
Bioerregaiak produzitzeko asmoz laboreak erabiltzeari dagokionez, esan beharra dago ez duela ia eraginik, horretarako erabilitako portzentajea guztirakoaren %5 baino ez da eta.
4.- KOLEKTIBO KONTSUMERISTAREN ESKARIAK
Elikagai seguru eta kalitatezkoak; prezioek produktorearengan izan behar dute eragina, lehen sektorea estrategikoa baita herrialdearentzat. Eta ez soilik elikagai seguruak sorrarazten dituelako, ezpada zeregin garrantzitsua duelako lurraldearen eta ingurumenaren kudeaketan, jarduera iraunkortasun irizpideen arabera garatzen duen aldetik.
5.- NEKAZARITZAKO ELIKAGAIEI BURUZKO EBren POLITIKA
Kritika zorrotza egin nahi diogu EBren diru-laguntzen politikari, eta, batez ere, “ordainketa bakarra” deitutakoari; izan ere, horren bitartez, lurrak izate hutsagatik diru-laguntzak ematen dira, kontuan hartu gabe produzitzen den edo ez. Modu horretan, paradoxikoa bada ere, lurjabe handiak dira diru-laguntza gehien jasotzen dituztenak, ezer produzitzen ez badute ere.
Laguntzen eta diru-laguntzen politikek zehazten eta agintzen dute zer eta zelan produzitzen den, kontuan izan gabe lurraren nekazaritza-ezaugarriak edo tokian tokiko elikadura-beharrizanak. EBk eta MMAk mugatzen eta zuzentzen dituzte produktoreen nekazaritza eta abeltzaintza arloko aukerak.
Gure iritziz, nekazaritza intentsiboko eredua bultzatu nahi da, merkatu libreko logikarantz joz. Oso zaila da eredu hori EAEn aplikatzea, lurraldearen zatirik handienean duen orografiagatik (Araban izan ezik); izan ere, mendiko ustiategiz osatuta dago. Gainera, laborantza intentsiboko eredu honek zenbait mehatxu ditu; besteak beste:
-
• Defizita elikaduraren kalitatean eta ezaugarrietan.
-
• Ingurumen arloko arrisku handiagoak, pestizida eta ongarri kimikoak modu masiboan erabiltzeagatik.
-
• Haziak, plagizidak, ongarriak eta abar merkaturatzen dituzten enpresekiko menpekotasuna. Enpresa horiek munduko ia merkatu osoa kontrolatzen dute, eta, ondorioz, euren baldintzak inposatzeko indarra eta gaitasuna dute.
-
• Erakunde eraldatzaile eta merkaturatzaileen sustapena; kontsumitzaileari kobratutako etekin-marjina beraientzat hartzen dute, produktoreak ezer jaso gabe.
Eredu horri aurre eginez, hauxe eskatzen dugu.
EUSKAL EREDU bat, ezaugarri hauekin:
-
Nekazaritza iraunkorreko eredua garatzea, landa ingurua errespetatuz eta nutrizio aldetik kalitatezkoak diren elikagaien produkzioa sustatuz.
-
Autosufizientzia eta barne merkatuen hornidura. Horretarako, Administraziotik, alternatiba ekonomikoak eta jardueren dibertsifikazioa sustatu behar dira, batez ere eraldaketari eta salmenta zuzenari dagokienez. Herritarrek aldaketa handia izan dute kontsumitzeko moduetan, eta kontsumitzaileei eskatzen dituzten produktuak eskaini behar zaizkie. Kasu honetan, kontuan izan behar da aldez aurretik prestatu eta egindako produktuen eskariak gorakada handia izan duela.
-
Tokian tokiko komertzioa sustatzea, produktorearen eta kontsumitzailearen arteko banaketa-sare propioak sortuz, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailarekin bat etorriz (hurbileko hiri-merkataritza sustatzeko asmoz ari baita) eta merkataritza gune periferikoen fenomeno indartsuari aurre eginez.
-
Haziak landatu, gorde eta aukeratzeari dagokionez, barietate tradizionalen erabilera berreskuratzea.
-
Lurzoru emankorraren galera geldiaraztea, baztertutako guneak edo presio urbanistiko handiko lekuak modu berezian babestuz.
-
Produktuaren trazabilitatea defendatzea, etiketek ematen duten informazioa modu berezian nabarmenduz.
6.- BASO-USTIATEGIAK
Radiata pinuak inportazioko beste espezie batzuekiko duen errentagarritasun baxuaren eta krisiaren aurrean, komenigarria izango litzateke:
Bertako espezieen landaketak sustatzea eta artzaintza eta basoa uztartuko dituen espazioak sortzea.
7.- LABORANTZA TRANSGENIKOAK
Zuhurtzia-printzipioa ezartzea, batez ere ingurumenean sortzen den kutsaduragatik, transgenikoak ez diren beste espezie batzuk kolonizatzean.
|