|
Boletin 7. 2004 urteko abendua
Estaldura osoa (aseguru pribatuak)
Gaur egungo Ongizate Estatuak babestu egiten gaitu hainbat arlotan, hala nola, hezkuntzan, pentsioetan eta osasunean. Ongizate Estatuak aipatutako arlo horietako beharrizan asko eta asko betetzen ditu. Gaur egungo babes maila hori, Konstituzioa eta Euskal Autonomia Estatutua ezarri zirenetik, oinarrizko eskubidea eta eskubide unibertsala da, bai Estatuan bai autonomia erkidegoan.
Gaixotasunen bat edo istripuren bat izanez gero, gure osasuna prebentzioaren ikuspuntutik hartuta, mediku arretarako eskubidea dugu, eta dauden bitarteko espezializatu guztiak ditugu geure eskura. Pentsioei dagokienez ere, antzeko printzipioak ditugu. Pentsio duinak izateko eskubidea dugu guztiok, gure laneko urteetan egin ditugun kotizazioen arabera.
Eskubide horiek eta gure sisteman oinarrizkoak diren beste batzuek gure osasun beharrizanak estaltzeko dira. Baina, Osasuneko Sistema Publikoari (Osakidetza gure kasuan) eta Pentsio Sistemari kontra egiten ari dira azkenaldian eragile ekonomiko eta sozial batzuk.
Gero eta ugalduago eta orokortuago dago mediku aseguru pribatuak eta pentsio fondoak kontratatzea eta erabiltzea. Kasu batzuetan osasun publikoaren edota Gizarte Segurantzaren osagarri legez, baina, beste batzuetan, horiekin lehian.
Dagoeneko milioika pertsonak kontratatu dute Estatuan osasun arretarako asegururen bat, hau da, osasuna zaintzeko aseguru pribatu bat. Halaber, pentsio fondoen kontratazioak ere ugaltzen ari dira urtetik urtera. 2003. urtean aurreko urtean baino Pentsio fondo gehiago kontratatu ziren, %14 gehiago. Osasunean gertatzen ari den bezala, gure pentsioak ere pribatizatzen eta osatzen ari dira.
Zergatik ari da gertatzen hori? Hankaz gora bota nahi al dituzte Osasun Sistema Publikoa eta Pentsio Sistema? Zergatik hartzen dira zilegitzat Sistema Publikoa kritikatzen eta estaldura sistema pribatua babesten duten jarrerak? Interes ekonomikoak al daude horren atzean? Berez etortzen dira galdera horiek burura diskurtso ekonomiko eta politiko batzuk aztertuz gero. Gaur egun Estatua herrialde garatuen arteko buruan dago bizi itxaropenari dagokionez; benetan al dago sistema horren izen ona zikintzeko interesa. Horren gaizki egituratu eta antolatu al da sistema publikoa etorkizuneko erronkei aurre egiteko gauza ez den ideia nagusitzeko?
Azter dezagun atalka. Gaur egun, euskal osasun zerbitzua eta Estatukoa munduko aurreratuenen artean daude. Bizi itxaropena 82 urte ingurukoa da, eta osasunaren eta gizartearen garapenarekin zerikusia duten adierazle guztiak onenen pare daude.
Datu horiek gorabehera, osasun zerbitzu pribatuen kontratazioa izugarri hazi da. Itxaron-zerrendek edo espezialistarengana zentzuzko epe batean joateko ezintasunak eraginda, familia askok eta askok aseguru pribatuak kontratatzen dituzte, osasun zerbitzu azkarragoa eta, arlo batzuetan, eragingarriagoa edukitzeko.
Era horretako aseguruak edukiko al ditugu guztiok egunen batean? Sistemak gure osasun beharrizanak asetzeko duen gaitasunaren araberakoa izango da hori. Ez badu asetzea lortzen, gure osasuna sistema pribatuaren bidez zaintzen saiatuko gara eta, bestela, lortzen badu, ziurrenik ez dugu pribatura joko. Sistema publikoak hil ala biziko erronka dauka parez pare; emaitzak eta eragingarritasunak berebiziko garrantzia izango dute, lehen bezala jarraitzeko edo desnaturalizatzeko. Estatu Batuetako adibidea denon buruetan dago. Osasun arreta desnaturalizatuak eta ez eragingarriak pribatizazioa eragingo du eta, ondorioz, sistemak baliabide ekonomikoak galduko ditu eta Estatuarentzat zama txikiagoa izango da. Sistema publikoa suntsitzeko dauden interes ekonomikoak oso agerikoak dira sektore ekonomiko batzuentzat.
Pentsioei dagokienez, egoera oso antzekoa da. Esaten digutenez, etorkizunean Pentsio Sistema Publikoak ezin izango ditu gero eta zaharragoa den gizarte baten pentsioetarako baliabide ekonomikoak mantendu. Pentsiorik gabeko etorkizun baten aurrean gizartean gero eta ikara handiagoa sortzen da eta, ondorioz, pentsio fondo gehiago kontratatzen dira, 2002. urtean baino %14 gehiago 2003an. Gaur egun, Bizkaian, aurrezteko produktuen arteko izarra da.
Osasun Sistema Publikoarekin gertatzen den legez, etorkizunerako pentsio gero eta gehiago kontratatzeak finantza sistema baten negozioari egiten dio mesede, bere negozioetarako pentsio fondoak etekin iturri handia direla ikusi duen finantza sistemari, hain zuzen ere. Banketxeak, aurrezki kutxak eta aseguru-etxeak pentsioekin zerikusia duten finantza produktuak eskaini eta eskaini ari dira, ahalik eta bezero gehien eskuratzeko. Pentsiorik gabeko etorkizuna da euren publizitate iragarkirik onena.
Eta, egia al da esaten diguten hori? Arriskuan dagoen pentsio sistema al da gurea?
Parte batetik egia ere bada; izan ere, gizartea gero eta zaharragoa da eta, egoera demografikoa aldatzen ez bada, gaur egungo pentsio sistema arriskuan egon daiteke. Egia da bai, laurogeiko hamarkada bukaeran eta laurogeita hamarreko hamarkadan izan genuen moduko egoera demografikoan, hau da, jaiotza- eta heriotza-tasa txikiko egoeran, populazioa gero eta zaharragoa dela eta ez dagoela erretiratuta dagoen jende kopuru handiari eusteko beste pertsona. Arazoa egon badago, baina garai hartan ez genuen aldagai bat ere badugu gaur egun, ekuazioa goitik behera alda dezakeena: immigrazioa.
Beste herrialde batzuetatik hona etortzen ari den jende kopuru andana izan daiteke, bitxia badirudi ere, datozen urteetan apur daitekeen sistema horren salbazioa.
Etorkin horiek Gizarte Segurantzan sartzen badira eta kotizatzen badute, baliabide sarrera izugarria izango lirateke Sistemarentzat, eta eutsi egingo liokete. Gaur egungo egoeran, jaiotzak kontuan hartuta, oso zaila izango litzateke mantentzea.
Baina, jakina, etorkinak Sistema Publikoan sartuz gero, aldi berean, osasun publikoko baliabide gehiago ere erabili beharko lirateke. Ondorioz, eta horren aurrean, osasun publikoko balibabideen, prozeduren eta jardueren erabilera arrazionalagoa egin beharko litzateke.
Osasun publikoak oso erronka garrantzitsua dauka. Arrakasta edo porrota une honetatik aurrera abiarazten diren politiken mende egongo da. Gure agintariek osasun publikoa desnaturalizatzea erabakiko balute, osasun pribatuaren gorakada geldiezina izango litzateke; baina, aitzitik, erronka berrien aurrean osasun publikoaren eragingarritasun handiagoaren alde lan egingo balitz, osasun sistema biak egoteak sistema aberats eta eragingarria ahalbidetuko luke.
Sistemak iristen ari zaigun eta jarraituko duen immigrazioa administratzeko duen gaitasunaren mende egongo dira pentsioak. Behar den bezala eginez gero, gure pentsioen etorkizunak ez du arriskurik izango.
Ricardo Baquín
|